Politika -
Elkarrizketa
Mendia: 'PSE-EEren barruan pertsonak aldatzea ez da hain beharrezkoa'
Gizartearen aurrean kontaktua eta hurbiltasuna irabaztea da garrantzitsuena Alderdi Sozialistarentzat 2013ko kongresuari begira, Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramailearen iritziz.
Erredakzioa
Patxi Lopez jarduneko lehendakariak atzo iragarri zuenez, 2013ko urtarrilean edo otsailean egingo duten kongresuan "ideien eta pertsonen" erreforma sakonaegingo dute PSE-EE alderdi barruan. Gai horren harira, "pertsonak aldatu edo ez... Hori ez da hain premiazkoa, baina bai kontaktua eta hurbiltasuna irabaztea gizartearekin", Idoia Mendiak jakinarazi duenez.
"Kongresua egingo dugu hurrengo urtean, berriztatu egingo dira ideiak, eta seguru aski baita pertsonak ere", adierazi du Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak "Albiste Faktoria" Euskadi Irratiko saioan.
Fiskalitateaz galdetuta, fiskaltasun harmonizatuaren beharra azpimarratu du Mendiak. Eusko Legebiltzarrak izan behar du erdigunea politikan, eta fiskaltasunaren zentroa ere bai, haren hitzetan: "Ez dugu esaten eskumenak kendu behar zaizkienik foru aldundiei, baina bai fiskaltasun antzekoa ezarri behar dela lurralde guztietan. Eusko Jaurlaritzak ere tresna hori izan behar du, eta ez da ulergarria eskumen gehienak izatea eta fiskalitateaz ezin ezer esatea".
Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga dela eta, Bildurekin Gipuzkoan akordiorik izatea gezurtatu egin du: "Kointzidentzia puntuala da, eta ez daukagu akordio zabalik EH Bildurekin."
Bakegintza ere izan du hizpide Idoia Mendiak Euskadi Irratiko elkarrizketan: "Gure apustua autogobernua da, herritarrei zerbitzu hobeak emateko eta elkarbizitza eraikitzeko." Aurreko legegintzaldian abian jarritako batzordeak emaitza onak eman zituen, nahiz eta ezker abertzaleak parte hartu ez, haren hitzetan. Hala, datorren legealdian ere antzeko zerbait egin nahiko luke: "Komunean ditugun gauzak bilatu behar ditugu, eta ez zer dugun ezberdin."
"Gaixorik dauden presoen kasuak aztertu eta larri daudenak kaleratu egin behar dira, eta, bestalde, hurbildu egin behar dira presoak", Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramailearen iritziz. Presoei ere aurrerapausoak emateko eskatu die Mendiak: "Ahotsa berreskuratu behar dute, orain arte ezker abertzalearen mende egon dira eta."