Politika -
Barne prozesua
Berriozabal eta Ansola izendatu dituzte Arabako eta Bizkaiko buru batzarretako presidente
Gorka Urtaranek, Arabako hautagai galtzaileek, bere jarraitzaileen ahotsa entzuteko eskatu dio, bozketak "oso estuak" izan direla iritzita. Iñigo Ansolak garaipen zabala eskuratu du bere lurraldean.
eitb media
Euzko Alderdi Jeltzalearen lurraldeetako asanbladek gaur amaituko dute ofizialki berritze prozesua. Hala, Jone Berriozabal izendatu dute Arabako Buru Batzarreko presidente, eta Iñigo Ansola ere izendatuko dute Bizkaian.
Gipuzkoan, Maria Eguneia Arrizabalaga izendatu zuten alderdiaren lurraldeko buruzagi pasa den ostegunean, Joseba Egibarren lekua hartuz. Nafarroan Unai Hualdek jarraituko du, eta ostiralean baieztatu zen Pantxoa Bimboire izango dela Ipar Buru Batzarraren presidente.
Hori horrela, EAJren Arabako Lurralde Asanbladak Jone Berriozabal aukeratu du presidente. Azken 9 urteetan alderdia zuzendu duen Jose Antonio Susoren lekua hartuko du.
Berriozabal zen hautagai ofizialista, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohi eta Arabako Gizarte Politiken diputatua izan du aurkari. Sektore kritikoaren babesa ez ezik, Jose Angel Cuerda edo Juan Mari Ollora buruzagi historikoen babesa ere jaso du Urtaranek. Gainera, bigarren itzulian garaipen potoloak lortu ditu, tartean Erdialdean, barruti handienean.
Jarraitzaileei bidalitako gutun batean, Urtaran hautagai galtzaileak azpimarratu du "bozketak oso estuak" izan direla "ia asanblada guztietan". Horregatik, bere sektoreko kideei "entzuteko" deia egin dio zuzendaritza berriari.
Dena den, gaurko asanbladan garaipen argia eskuratu du Berriozabalek: 41 boto berak, eta 24 Urtaranek.
Jone Berriozabal (Durango, Bizkaia, 1982) Araba Buru Batzarraren idazkaria izan zen ,eta Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua izan da orain arte (utzi egin beharko du, ez delako bateragarria). Legebiltzarkide izan zen 2005etik 2020ra, eta Eusko Jaurlaritzako Harreman Instituzionalen sailburuorde izatera iritsi zen. Barrundiako Udalean zinegotzi karguan izan zen 2018tik 2019ra.
Jatorriz bizkaitarra den arren, haurra zenetik egon da Gasteizen. Roman Berriozabal buruzagi jeltzale historikoaren alabak "abertzale, jeltzale, euskaldun, euskaltzale eta feminista" jotzen du bere burua.
Bere helburuen artean jarri du alderdia 2027ko udal eta foru hauteskundeetara indartsu iristea, eta alderdi "batua, gaztea eta Arabaren etorkizunerako proposamenak" dituena izatea.
Lurraldeko exekutiba osatuko duten 14 kideak ere izendatu dituzte gaurko asanbladan. Guztiak izango dira berriak, eta Arabako eskualde guztiak ordezkatuko dituzte: Ander Añibarro, Alazne Arana, Garikoitz Bengoa, Txus Bilbao, Ainhoa Campo, Joseba Fernandez, Anartz Gorrotxategi, Iñaki Lauzurika, Igone Martinez de Luna, Rakel Molina, Jonatan Moreno, Jon Perez, Izaskun Perez de Heredia eta Zuriñe Rodriguez.
Bizkaian, Iñigo Ansolak garaipen zabala lortu du, izan ere, ehundik gora batzokitan irabazi du, eta David Salinas Armendarizek bederatzitan besterik ez. Hori horrela, gaur BBBren presidente izendatu dute, eta gaurdaino Itxaso Atutxarena zen kargua hartuko du.
Gipuzkoan ostegunean berretsi zuten Maria Eugenia Arrizabalaga izango dela presidente, Joseba Egibarren ordez, bigarren itzulira igaro zen bakarra izaki.
Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak bere postuan jarraituko du. Hautagai bakarra izan da, eta karguari eutsiko dio.
Iparraldean, atzo baieztatu zen Pantxoa Bimboire enpresariak hartuko duela Peio Etxelekuren tokia.