Politika -
29S
Bi lagun atxilotu dituzte eta 12 zauritu dira Madrileko protestetan
Kongresua inguratzeko aste honetan deitu duten hirugarren protesta 00.30etan amaitu da, istiluen kontrako poliziek Neptuno plazan zeudenak bota dituztenean.
Erredakzioa
Bi lagun atxilotu dituzte eta 12 zauritu dira Kongresua inguratzeko deituta zegoen protestan.
25-S Koordinakundeak Kongresua inguratzeko deialdia egin zuen 18:00tatik aurrera Neptunon eta Puerta del Sol plazan. Aste honetan burutu duten hirugarren kontzentrazioak jendez bete ditu aipatutako plazak, eta 23:30etik aurrera Polizia-agenteek bertaratuen aurka egin dute.
Bestalde, Madrileko instrukziozko 8. zenbakiko epaileak joan den irailaren 25eko protestetako atxilotuek Estatuko erakundeen aurkako delitua egin zutela ebazteko "arrazoi nahikoak" daudela esan du.
Horren harira, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak atxilotuen inguruan Auzitegi Nazionaleko epaileak harturiko jokaera defendatu du.
Epaileak ostiralean hartu zien deklarazioa Neptunon eta Atotxan atxilotu zituzten 35 lagunei. Istiluetan 64 pertsona zauritu ziren. Halaber, bigarren protesta egunean, hilaren 26an, beste hiru lagun atxilotu zituzten.
Zigor Kodeko 494 artikuluaren arabera, Kongresua bilduta dagoenean manifestazioak deitzen dituztenei sei hilabete eta urtebeteko espetxe zigorra edo 12 eta 24 hilabete bitarteko isuna jar diezaiekete.
'Beldurra ezartzeko estrategia'
Antolatzaileek salatu duenez, atxiloketak "beldurra ezartzeko estrategia" dira eta horregatik, protestekin jarraitzea beharrezkoa dela defendatu dute. "Kongresua inguratuko dugu berriro, eta banketxeentzat beharrean, herritarrentzat gobernatzeko eskatuko dugu", esan du Nico Sguiglia koordinakundeko bozeramaileetako batek.
Epailearen esku
Bestalde, larunbat honetan Poliziak atxilotutako bi lagunak epailearen esku utzi dituzte, igande goiz honetan Polizia-egoitzan deklaratu ostean. Poliziako iturriek adierazi dutenez, atxilotuei desordena publikoekin lotutako delitu bat egotzi diete.