Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Garmendia: "Benetako arazoek kezkatzen gaituzte, eta horietaz hitz egin dugu, EH Bilduk baita, kanpainan"
"Eraberritze politikoak aurrerapausoak ekar ditzake, baina harritzekoa da EH Bilduk independentzia eta autogobernua berriro ere hizketagai hartzea, egindako kanpaina zuriaren ostean", esan du Arnaldo Otegiri erantzunez.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak Otegik atzo Sanchezi emandako abisuaz hitz egin du gaur, ostiralarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.
"Eraberritze politikoak aurrerapausoak ekar ditzake, baina harritzekoa da EH Bilduk independentzia eta autogobernua berriro ere hizketagai hartzea, egindako kanpaina zuriaren ostean", esan du.
Zentzu horretan, zehaztu du "euskal herritarron ardura nagusiak Osakidetza, hezkuntza publikoa edota etxebizitzaren afera hobetzea" direla.
"Ez gaitu kezkatzen independentzia kota handitzeak, benetako arazoek baizik, alegia, kanpainan guztiok (EH Bilduk baita) ahotan izan ditugun gaiek", azpimarratu du. Horregatik, aurrera egiten jarraitzeko eta akordioetara iristeko beharra nabarmendu du.
Bestalde, Garmendiak defendatu du Espainiako Gobernuak erakutsi duela euskal autogobernuan sakontzeko apustua egin duela, eskualdatu dituzten 14 transferentziak aipatuta, eta hitzeman du eskumen gehiago ere iritsiko direla.
"Guztia ondo aztertu behar da berme juridiko handienarekin egiteko, eta bidean oztoporik ez aurkitzeko", adieraz du. "Lantaldeek egutegi bat dute, baina ez dugu nahi, Nafarroan Trafiko eskumenarekin gertatu zen bezala, trabarik egotea", erantsi du.
Testuinguru horretan, ohartarazi du transferentzia guztiak direla konplexuak, bai alde juridikoari dagokionez, eta baita alde ekonomikoari dagokionez ere. "Espainiako Gobernuak nahi du autogobernuan sakontzen jarraitzea, eta EAJrekin lortutako inbestidura akordioak betetzea", berretsi du.