Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eraberritze demokratikorako neurriak zehazteko eskatu dio Estebanek Sanchezi
EAJk Kongresuan duen bozeramaileak ohartarazi du demokraziaren printzipioak zaindu egin behar direla, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna, kasu.
O. A. | EiTB Media
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak eraberritze demokratikorako neurriak zehazteko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari. Edozein kasutan, demokrazian gai batzuk, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna kasu, "erabat babestu" behar direla ohartarazi du.
Bost eguneko hausnarketaren ondotik, atzo Pedro Sanchezek iragarri zuen Espainiako Gobernuko presidente karguan jarraituko duela. Hori horrela, iragarri zuen "gure demokrazian egiteke dagoen eraberritzearen alde" lanean jarraituko duela, "atsedenik gabe, irmotasunez eta lasaitasunez", baina ez zuen neurri zehatzik aurreratu.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan diputatu jeltzaleak azpimarratu duenez, eraberritze demokratikoari lotuta ez zuen ezer proposatu. Dena den, proposamen zehatzik badago EAJ entzuteko eta negoziatzeko prest dagoela adierazi du, beti ere, "antzezpenik gabe" egiten bada.
Eraberritze demokratikoari dagokionez eta hedabideen jardunari lotuta, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna "erabat babestu" beharreko gaiak direla nabarmendu du.
Bestalde, Pedro Sanchez "puntu eta bereiz bat" egitearen alde agertu den honetan, 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko proposamena "ziztu bizian" joango dela espero du Estebanek.