Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Sumarrekin negoziatzeko eta hautagaitza bateratua osatzeko borondatea agertu du Gorrotxategik

Zerrendak eta koalizioak erregistratzeko epea amaitzen den arte Sumar eta Podemos Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko aukerak badaudela uste du Miren Gorrotxategik. Halaber, esan du lehendakarigai izateko "ilusioa" duela eta militantziak erabakitzen duena egingo duela.

Miren Gorrotxategi Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Miren Gorrotxategi Radio Euskadin
Miren Gorrotxategi Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos eta Sumar alderdiek Galiziako hauteskundeetan lorturiko emaitzen ondotik, Sumar, Ezker Anitza eta Berdeak-Equo alderdiekin koalizioan aurkeztu ahal izateko borondatea agertu du Miren Gorrotxategi Podemoseko lehendakarigaiak.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan Gorrotxategik azaldu duenez, ezker konfederala batuta aurkezteko aukerak daude, hain justu, zerrendak eta koalizioak erregistratzeko epea amaitzen den arte. Are gehiago, gelditzen den denboran berak eta bere alderdiak ahal duten "guztia" egingo dutela batasun hori gauzatzeko. "Beti esan dut eta uste dut erantzukizun historikoa dela batasun hori lortzen ahalegintzea", gaineratu du.

Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen esanetan, lehendakarigai izateko eta proiektua gidatzen jarraitzeko "indarra", "energia" eta "ilusioa" baditu ere, militantziak erabakitzen duena egingo du. Ildo horretan, egon behar duen tokian eta alderdiak esaten dion tokian egongo dela zehaztu du.

Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo gelditu ote litekeen galdetuta, Euskadi ez dela Galizia erantzun du Gorrotxategik. Azaldu duenez, Galizian ez bezala, Euskadin Podemosek lehenagotik badu ordezkaritza Legebiltzarrean eta EAEn nahikoa da botoen % 3 eskuratzea horretarako, Galizian, aldiz, % 5a behar da.

Edozein kasutan, Galizian gertatu denari "begiratu" behar zaiola uste du. Gorrotxategiren iritziz, ezker konfederala batuta aurkeztu izan balitz "emaitza hobea izango zen".

Adostasun ezak kezka eragin du ezker konfederalaren espazioan eta, hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan Elkarrekin Sumar bai ekimena aurkeztu dute batasuna bultzatzeko. Plataformak bilera bat proposatuko balu bertan izango dela nabarmendu du Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAE Hauteskundeak Euskadin Alderdi politikoak berriak Hauteskundeak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Hauteskundeak gaur Miren Gorrotxategi Sumar Mugimendua 2024