Politika -
'Counter-Strike' berrian
Bideojoko batek ETAko kideen larruan jartzea ahalbidetuko du
Counter-Strike: Global Offensive bideojoko ospetsuak ez du ETA izena aipatzen, baina talde horretako kideek kaputxa zuriak eta txapelak dituzte.
Erredakzioa
Counter-Strike: Global Offensive bideojoko ospetsuak ETAko kideen larruan jartzea ahalbidetuko die erabiltzaileei, Valve konpainia garatzaileak bere blogean baieztatu duenez.
Bideojokoa first-person shooter tankerako joko salduenetako baten jarraipena izango da, eta abuztuaren 21ean jarrito dute salgai.
Jokoak aurrez aurre jartzen ditu talde terroristak eta antiterroristak, eta erabiltzaileak talde batean zein bestean izatea hauta dezake, Internet bidez beste hainbat pertsonarekin batera jokatzeko.
Edizio honetan, garatzaileek hainbat talde berri gaineratu dituzte, tartean ETA iradokitzen duen bat, terroristen artean.
Jokoak ez du ETA izena aipatzen, Separatistak baino, baina talde horretako kideek kaputxa zuriak eta txapelak dituzte.
Bideojokoaren deskribapenean, garatzaileek azaldu dute Separatistak fakzioa "Europako talde minoritario bat" dela, eta "terrore ekintza krudelak" egiten dituela, "autodeterminazioa" helburu.
Talde terroristen artean, erabiltzaileek Somaliako piratak, Balkanetako taldeak eta anarkistak ere hauta ditzakete, besteak beste.
Talde antiterroristen artean, FBI, SWAT, SAS, IDF, GIGN eta beste hainbat Segurtasun Indar daude.
Bideojokoa Valve Corporation konpainiak egin du, Hidden Path Entertainmentekin batera. Abuztuaren 21ean merkaturatuko dute, ordenagailuetarako eta Xbox 360 eta PlayStation 3 kontsoletarako.