Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Amnistia legeak "euskal errealitate nazionala aitortzeko bide bat irekitzen du", lehendakariaren arabera
Iñigo Urkulluk azpimarratu du Eusko Legebiltzarraren % 90 amnistia legearen alde dagoela.
AGENTZIAK | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du PSOEk Diputatuen Kongresuan erregistratutako amnistia lege proposamenak "euskal errealitate nazionala aitortzeko bide bat irekitzen" duela, testu horren tramitaziorekin aitortu delako "debekatuta ez dagoena posible dela".
Amnistia legeari buruzko hausnarketa hori egin du lehendakariak Eusko Legebiltzarrean, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak lege proposamenari buruz kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez.
Lehendakariaren esanetan, etorkizuneko legeak "aukera ematen dio politikari elkarbizitza eta normalizazio prozesu bat berrabiarazteko, bitarteko demokratikoen bidez", izan ere, "debekatuta ez dagoena posible dela erakusten du".
"Bide bat irekitzen da Estatuaren nazio aniztasuna aitortzeko, euskal errealitate nazionala aitortzeko, alde biko harreman instituzionalak normalizatzeko eta, gure herriaren etorkizun politikoari dagokionez, gizartearen gehiengoaren borondateari adierazpide berriak emateko", nabarmendu du.
Bestalde, Iñigo Urkulluk azpimarratu du Eusko Legebiltzarraren % 90ak amnistia legea babesten duela. Halaber, berretsi du beharrezkoa dela "arazo politikoari sakonetik" heltzea elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez, "bizikidetza bultzatuko duen akordio politiko, sozial eta instituzionala" lortzeko.
Azkenik, lehendakariak Amaia Martinez legebiltzarkideari erantzun dio amnistiaren lege proposamenarena baino mehatxu handiagoa dela "Konstituzioarentzat eta bizikidetzarentzat" eskuin muturrarena.