Politika -

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

Estebanen iritziz, "aurrerapausoa" da PSOEk onartzea herri honen gehiengoak "nazio aitortza" nahi duela

Aurreko legealdiko akordioa bete ez dela ikusita, Sanchezek oraingo honetan agindutakoa egingo duela pentsatzera zerk eraman duen galdetu diote, eta hark erantzun du konfiantza "urratsez urrats" irabazten dela: "Transferentzia batzuk ez ziren bete, baina, horregatik, ez dugu paso egin behar".

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban
EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media

play icon 25:27

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek jeltzaleek sozialistekin hitzartutako inbestidura akordioari buruzko xehetasunak eman ditu gaur, astelehenerarekin, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta itunak "ongi finkatutako abiadura eta bidea" hartu dituela adierazi du. Nagusiki, falta diren eskumenak transferitzea eta nazio aitorpenaz negoziatzea bermatzen du idatziak, Estebanen esanetan.

Hain zuzen ere, horri buruz esan du garrantzitsua dela sozialistek onartzea herri honen gehiengoak nazio aitortza nahi duela eta horren gaineko negoziazioak abiatzeko prest agertzea. "Ikusiko dugu zer gertatzen den. Borrokatu beharra daukagu", erantsi du.

Aurreko legealdiko akordioa bete ez dela ikusita, Sanchezek oraingo honetan agindutakoa egingo duela pentsatzera zerk eraman duen galdetu diote Estebani elkarrizketan, eta berak erantzun du konfiantza "urratsez urrats" irabazten dela. "Akordioak inoiz ez dira erabat betetzen, hori da nire esperientzia, hau da bizitza eta hau da politika. Transferentzia batzuk ez ziren bete, baina, horregatik, ez dugu paso egin behar. Nik sinistu behar dut norbaitek zerbait izenpetzen duenean adostutakoa betetzeko dela. Badakit, halaber, horretarako, ekin eta ekin ibili beharko dudala; hori da nire lana, eta horretan arituko naiz, jo eta ke", aurreratu du.

Sanchezen legealdi berria hizpide, Estebanek zail ikusten du luze jotzea. "Lehenengo aurrekontua aurrera aterako dela pentsatzen dut, eta horrek, gutxienez, bi urterako bermea ematen du. Hortik aurrera zer gertatuko den ezin dugu jakin. Argi dago alderdi askoren arteko akordioa beharko dela legeak aurrera ateratzeko", zehaztu du.

Aurrera begira, ez du baztertzen EAJk eta Juntsek estrategia bateratuak izatea, ezta Madrilen EH Bilduren eta jeltzaleen arteko lehia areagotzea ere. Bigarren aferari buruz, azpimarratu du beharbada izango dituztela desadostasunak, baina gerta daitekeela zenbait kontutan ados egotea ere. "Bada garaia Madril alde batera utzi, eta gurean zentratzeko. Gehiago kezkatzen gaitu Madrilek gure herriak baino, eta hori aldatzeko momentua da", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua argazkiak Pedro Sánchez bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz