Politika -

Liskarrak Madrilen

Istiluak, kargak eta 24 pertsona atxilotuta, amnistiaren akordioaren aurkako protestetan

Zazpigarren egunez jarraian, eta PSOEk eta Juntsek akordioa lortu berritan, 8.000 pertsona bildu dira Ferraz kaleko egoitza sozialistaren aurrean. Liskarrak gorabehera, ez da inor zauritu.

Istiluak Madrilen. Argazkia: EFE
Istiluak Madrilen. Argazkia: EFE
Gutxienez 15 pertsona atxilotu dituzte amnistia legearen aurkako protestan, desordena publikoa egotzita

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

8.000 bat pertsona bildu dira ostegunean, Polizia eraikina babesten ari zela, PSOEren egoitzaren aurrean, Madrilgo Ferraz kalean, independentistekin egindako itunen eta amnistia legearen aurkako zazpigarren protesta egunean. Liskarrak eta Poliziaren kargak 22:45 aldera hasi dira. Agenteek 24 pertsona atxilotu dituzte desordena publikoak egotzita. 

Espainiako eta Europar Batasuneko banderak zeramatzaten manifestariek "puto rojo el que no vote es" (salto egiten ez duena, gorri zikina), "Puigdemont, a prision" (Puigdemont, kartzelara), "prensa española, manipuladora" (Espainiako prentsa, manipulatzailea), "no es una sede, es un puticlub" (ez da egoitza bat, putetxea da) eta "Sanchez, traidor" (Sanchez, traidore) leloak oihukatu dituzte. Gainera, txistuak, lapiko hotsak eta monarkiaren aurkako oihuak ere entzun dira, baita 'Cara al sol' ere.

Manifestazioa egunotako jendetsuena izan da. Lehen orduetan, ez da aparteko ika-mikarik egon, baina, 22:00ak aldera, erradikalak petardoak eta hesiak botatzen hasi dira. 

Ultraeskuindarren zazpigarren protesta eguna Ferrazen, PSOEk eta Juntsek akordioa itxi ostean
Ultraeskuindarren zazpigarren protesta eguna Ferrazen, PSOEk eta Juntsek akordioa itxi ostean
Ultraeskuindarren zazpigarren protesta eguna Ferrazen, PSOEk eta Juntsek akordioa itxi ostean

0:40

Tentsioa areagotzen joan da, eta 22:45ean hasi dira agenteen kargak. Lehen kargak Marques de Urquijo kalean (PSOEren egoitzatik oso gertu) izan dira, eta ia ordubetez, izan dira liskarrak. Manifestariek edukiontziak erre, eta bide erdian paratu dituzte. 

Poliziak 24 pertsona atxilotu ditu. Osasun zerbitzuek ez dute inor artatu behar izan

Manifestazioan, Santiago Abascal Voxeko buruzagia izan da. Nabarmendu duenez, "kalean egon behar dugu, kolpea geldiarazi arte". Horren hitzetan, "aberrikideak bakarrik egon ez daitezen bertaratu naiz, beste espainiar bat bezala".  

Ferrazen egindako elkarretaratzeaz gain, beste manifestazio bat izan da aurretik Europako Parlamentuak Madrilen duen egoitzaren aurrean. 1.500 pertsona batu dira han, eta gerora, PSOEren egoitzako elkarretaratzera batu dira. 

Elkarretaratzea, 'Europa, gelditu amnistia' lelopean, Libertad sin Ira, Pie en Pared, S 'ha Acabat!, Neos, Voces Libres, Con la Libertad eta Revuelta plataformek deitu dute, "Espainiaren egoera nazioartera zabaltzeko". "Espainia, bat eta ez 51" edo "traidorea, espetxera" oihukatu dute, besteak beste, Cayetana Alvarez de Toledo eta Alfonso Serrano PPko ordezkariek, txalo artean, parte hartu duten protesta batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE PP Espainia Eguneko albisteak Albisteak Madril Manifestazioak Vox Ultraeskuineko alderdi politikoak Junts per Catalunya Azken ordukoa Espainia Amnistia