Politika -
Sanchezen inbestidura
Inbestidura "blokeatzeko" eskatu diote Puigdemonti Errepublikaren Kontseiluaren oinarriek
Kontsulta aholku-emailea da, ez loteslea, eta botoa emateko eskubidea duten kideen % 4,4k baino ez dute parte hartu. Oraindik ez da jakina nola interpretatuko dituen Generalitateko presidente ohiak Kontseiluaren jarraibide horiek.
Agentziak | EITB MEDIA
Errepublikaren Kontseiluaren oinarriek Pedro Sanchezen inbestidura "blokeatzeko" eskatu diote Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiari.
Kontseiluak berak egindako kontsultan, parte-hartzaileen % 74,9k baiezko botoa eman dute inbestidura blokeatzeko. Galdeketa afiliatu batek sustatu zuen, eta atzo amaitu zen bozketa, baina emaitzak ez dira astearte arratsaldera arte jakinarazi, 24 ordu geroago.
Guztira, 90.484 lagunek zuten botoa emateko eskubidea, baina 4.021ek bozkatu dute, hau da, % 4,4k.
Honako galdera honi erantzun diote afiliatuek: "Kataluniako alderdi independentistek Espainiako presidentea inbestitzeko blokeoa sustatu behar al du Errepublikaren Kontseiluak?".
Kontsultarako ekimena bada ere, ordu hauetan ez dakite nola interpretatuko dituen Puigdemontek Kontseiluaren jarraibideak. Bruselatik zuzentzen du erakunde hori, baina erakundeko buruzagitzak "berehala jakinaraziko die emaitza alderdi independentisten zuzendaritzei".
Errepublikaren Kontseiluak inbestiduraren "blokeoaren" aldeko apustu publikoa egin zuen iragan hauteskunde kanpainan zabaldutako ohar batean. Jarrera horrek erakundearen Gobernuaren bermea zuen, eta Puigdemont horren parte da.
Orain, erreklamazioak aurkezteko epea irekiko dute urriaren 27ra arte, eta behin betiko emaitzak azaroaren 2an jakinaraziko dituzte.
Carles Puigdemont Belgikatik buru dela, Errepublikaren Kontseiluak prozesu subiranista kanpoan zabaltzea du helburu, eta Ordezkarien Batzarrak, parlamentu paralelo batek, eta Kontseiluaren Gobernuak berak osatzen dute, nahiz eta orain erreforma bat egingo duten bi ganberako egitura bat hartzeko.