Politika -

Grebak sektore publikoan

Lehendakariak "populismoa" egotzi die sindikatuei, erakundeek ez baitute "mugarik gabeko baliabiderik"

Iñigo Urkulluk iritzi artikulu batean nabarmendu duenez, "ezin da diru publiko guztia funtzionarioen nominak ordaintzeko bakarrik erabili", eta argudiatu du enpresa pribatuek, autonomoek eta kooperatibek ere inbertsioak behar dituztela.

Urkullu. Artxiboko argazkia: EFE
Urkullu.
Urkullu. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko sindikatu gehienek sektore publikoan deitu dituzten grebak tarteko, Iñigo Urkullu lehendakariak "populismoa" eta "jendea engainatzea" leporatu dizkie, zuzenean aipatu ez baditu ere. Iritzi artikulu batean argudiatu duenez, erakundeek ez dute "mugarik gabeko diru-zaku bat", eta enpresa pribatuek, langile autonomoek eta kooperatibek ere inbertsioak behar dituzte. 

Noticias taldeko egunkarietan kaleratutako idatzian ("Euskadi: errealitatea VS populismoa" du izenburutzat) "errealitatearen indarra" eta datu objektiboak aldarrikatu ditu, hori baita, horren ustez, "populismoari eta demagogiari aurre egiteko biderik eraginkorrena". Nabarmendu duenez, "ezin da diru publiko guztia —herritarron aurrezkiak— funtzionarioen nominak ordaintzeko bakarrik erabili. Ez da hori, behintzat, gure helburua". Hala, baliabideak "mugatuak" direla onartuta, "gure zerbitzu publikoak eta langile publikoen lan baldintza egunero hobetu" bai, baina enpresak, kooperatibak eta langile autonomoak "behar-beharrezkoak" direla ahaztu gabe, eta horiei ere finantzazioa bideratuta. 

Urkulluren aburuz, sindikatuok darabilten "jarrera arduragabea eta arriskutsua da oso". Kritikatu du euren "interes propioa defendatzen" dutela, "inolako datu objektiborik" eskaini gabe. Diotenez, salatu du, "zerbitzu publikoak gainbeheran daude, sektore publikoan lan baldintzak okerrera doaz, edo zerbitzu publikoen pribatizazioak etengabekoak dira". 

Jarrera horrek, esan du lehendakariak, "gure ongizatea kolokan jarri dezake. Ez genuke jendea interes propioak defendatzeko erabili behar. Ez da zilegi jendea engainatzea". 

"Irudi katastrofista" horren aurrean, Urkulluk azken 10 urteotako datu ekonomikoak eman ditu: Barne Produktu Gordina (BPG) % 30 hazi da, langabezia tasa ia 10 puntu jaitsi da eta pertsona bakoitzeko osasungintzako gastua ia 1.000 euro igo da. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Grebak Funtzionarioak bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak