Politika -
Kitchen auzia
Auzitegi Nazionalak epaitu egingo ditu Jorge Fernandez Diaz eta taldekideak Barcenas zelatatzea egotzita
Fiskaltzak 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, eta epaileak, oraingoz, 120.000 euroko fidantza ezarri die ministro ohiari, Villarejori eta Eugenio Pino polizia-operazioen zuzendariorde ohiari.
agentziak | eitb media
Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak ahozko epaiketa irekiko du Kitchen auziaren harira, eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia eta horren lantaldea eseriko ditu akusatuen aulkian, Gürtel auziko dokumentuak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohia zelatatzea leporatuta.
Villarejo auziaren instrukzioa daraman magistratuak gaur ebatzi du ahozko epaiketa irekitzea hamaika akusaturen aurka, Francisco Martínez Barne Ministerioko bigarrena zena, Eugenio Pino polizia-operazioen zuzendariorde ohia eta Jose Manuel Villarejo komisarioa tartean.
Lehenengo biei eta ministro ohiari 120.000 euroko fidantza ezarri die ardura zibilagatik, baina epaileak errefusatu egin du PP arduradun zibil gisa epaitzea, PSOEk eskatu bezala, eta Estatuko Administrazio Orokorraren esku utzi du aukera hori, akusatuak errudunak direla frogatuz gero.
Fiskaltzak 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Fernandez Diazentzat eta Francisco Martinezentzat, operazio parapoliziala leporatuta. Barne Ministerioaren bitartez, eta diru bereiziak erabilita, Gürtel auzian PP eta alderdiko kideak jopuntuan jar zitzaketen dokumentuak lortzeko Barcenas eta senideak zelatatzeko operazioa egin izana egozten die.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaz gain, Estatuaren Abokatuak, PSOEk, Podemosek eta Barcenas familia egiten ari dira akusazio lanak.
Sekretuak azaleratzea, prebarikazioa, delituak jazartzeko betebeharrari muzin egitea, eroskeria eta diru publikoa bidegabe erabiltzea dira leporatzen dizkieten delituetako batzuk. PSOEren, Podemosen eta Barcenas familiaren kasuan, gainera, talde kriminala eta legez kanpoko elkartea osatzea egozten diete.