Politika -
ERASOA
Otegik "arbuiatu" egin ditu Buesaren monolitoaren eta panteoiaren aurkako eraso "onartezinak"
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, biktima guztiak eta horien memoria errespetatzea oinarrizko baldintza da bizikidetza eraikitzeko.
EITB MEDIA
Azken orduetan, ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zuen Fernando Buesa PSE-EEko buruzagi eta sailburu ohiaren panteoiari eta monolitoari eraso diote Gasteizen. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "erabateko arbuiapena" adierazi du "Fernando Buesaren memoriari eragiten dioten eraso onartezinen aurrean", bere eta koalizioaren izenean.
Sare sozialetan gaur goizean zabaldutako mezuan azaldu duenez, jatorri "ezezaguna" duen gertakari horiek benetako "probokazioa" dira bizikidetza demokratikorako.
Otegik berretsi egin du biktimak umiliatuko zituen edozein jarrera "arintzeko" eta "oztopatzeko" EH Bilduk urriaren 18an hartu zuen konpromisoa: "Erabat arbuiatzen ditugu gertakari horiek guztiak, pentsarazten baitigute gure herrian bizikidetza horrela bortxatzen dutenek zer bilatzen duten eraso horiekin".
Amaitzeko, esan du biktima guztiak eta haien memoria errespetatzea oinarrizko baldintza dela bizikidetza eraikitzeko.