Politika -
2023-2024 URTE JUDIZIALA
EAEko Auzitegi Nagusiak Euskadiko mapa judiziala egingo du beharrak lehenesteko
Era berean, euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du hainbat barruti judizialetan epaiketak euskaraz egiteko proiektu pilotu bat jarriko dela martxan.
A. S. | EITB MEDIA
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak konpromisoa hartu du Euskadiko mapa judiziala egiteko, beharrezko hobekuntzak atzeman, lehenetsi eta proposatzeko. Halaber, Justiziaren irisgarritasuna hobetzea jarri du erronka gisa, arrazoi pertsonalengatik edo testuinguruari lotutakoengatik irisgarritasuna zailago duten pertsonek zuzenbideaz baliatzeko eskubidea izan dezaten.
Astelehen honetan, EAEko urte judiziala abiatzekoekitaldia egin dute Bilbon, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea buru zela, eta bertan azpimarratu duenez, Euskadiko justizia-sistemak "une anbibalentea bizi du".
"Makrojustizia alorrean itxaropentsu" agertu da, baina "mikrojustiziarekiko kezka" aitortu du, pertsonek formalizatutako gatazken eguneroko kudeaketari lotuta. "Erronka saihestezina da makrojustiziak mikrojustizia bustitzea", adierazi du Subijanak, "gizarte- eta ekonomia-zientziek detektatu duten zerbait saihesteko: datu makro positiboen eta errealitate mikro negatiboen arteko bizikidetza patologikoa".
Hitzaldian, Subijanak, besteak beste, Justizia "terapeutikoa" nabarmendu du, azken urteotan Adingabeen Epaitegietan patologia psikiatrikoak dituzten adingabeen kopuruak gora egin duela-eta atzemandako beharrari erantzun diezaion.
Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak adierazi du "hainbat alderdi judizialetan epaiketak euskaraz egiteko proiektu pilotu bat abiatzea bideragarria ote den aztertzen" ari direla.
Bestalde, Subijanak berretsi egin du indarkeria matxista eta sexu indarkeriaren biktimak entzun, artatu, lagundu eta babesteko estrategia hobetzeko konpromisoa, eta herritarrek Justiziaren funtzionamenduarekin duten nahigabea ikusirik "ezin dugu geldirik egon", esan du. "Zuhaitz hostotsuek basoa ikustea eragotziko ez digutelakoan nago", adierazi du amaitzeko.