Politika -
2023-2024 URTE JUDIZIALA
Urkulluk uste du Botere Judiziala ezin dela Estatuaren lurralde-eraketa deszentralizatutik kanpo egon
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren blokeoaren aurrean lehendakariak beharrezkotzat jo ditu "elkar ulertzea, egonkortasuna eta adiskidetasuna". Euskadin, baina, hartutako konpromisoei erantzuteko urratsak ematen ari direla nabarmendu du.
A. S. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritu ez izana kritikatu du beste behin, eta "elkarrizketa eta organo judizialen, erakundeen eta herritarren arteko lankidetza" bultzatzeko deia egin du, "Botere Judizialak ez duelako Estatuaren lurralde-eraketa deszentralizatutik kanpo egon behar".
Urte judizialari hasiera emateko ekitaldian Urkulluk adierazi duenez, "deigarria da horrek eztabaida sortzea, are gehiago kontuan hartzen bada Botere Judiziala, definizioz, botere atomizatua eta ez-bateratua dela, epaile eta magistratu guzti-guztiek osatzen baitute".
Lehendakariaren ustez, "hori ez litzateke ahaztu behar Botere Judizialaren eta haren gobernuaren egokitzapen malgua bilatzerakoan, estatu konposatu batekin bat etorriz".
Urkulluk esan du Euskadin "urratsak ematen" jarraitzen dutela hartutako konpromisoei erantzuteko; izan ere, horren esanetan, "Justizian inbertitzea ongizatean inbertitzea da". Hala, dagoeneko martxan dauden zenbait proiektu azpimarratu ditu, 2022-2028 Euskadiko Justizia Plan Estrategikoa eta 2030 Egoitza Judizial Iraunkorren Plana, besteak beste.
Inbertsioen artean, berriz, hauek nabarmendu ditu: Bilboko Justizia Jauregi berria eta Bizkaiko Probintzia Fiskaltzaren egoitza berria, Gasteizko Justizia Jauregitik gertu zigorrak kudeatzeko zerbitzuaren bulegoa eta Donostiako epaitegietatik lankidetzan aritzeko zerbitzuen etorkizuneko lokal berriak.
Aurten ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia blokeatuta dagoela ekin dio Justiziak urteari. BJKNk ia bost urte daramatza jardunean. PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko blokeoa jarri duenez, organoak behin-behinean jarraitzen du, nahiz eta Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak ohartarazi duten Botere Judiziala jardunean egoteak kinka larrian jartzen duela demokrazia.