Politika -
KATALUNIA
Juntsek PSOEri ohartarazi dio ez duela atzera egingo eskakizunetan, eta ERCk amnistia "egintzat" ematen du
ERCko Marta Rovirak azpimarratu duenez, ez dute azken minutuko negoziaziorik eta azken uneko kontzesiorik nahi. Juntseko Miriam Noguerasek azpimarratu du denborak ez dituela arazoak konponduko, Kataluniari eta amnistiari erreferentzia eginez.
AGENTZIAK | EITB Media
Pedro Sanchezen balizko inbestidurari begira, Kataluniako alderdi independentista nagusiek amnistiarekin eta katalanaren ofizialtasunarekin presioa egiten jarraitzen dute.
Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak gaur azpimarratu duenez, zehaztasunen faltan, bere alderdiak egintzat ematen du amnistia legea, besteak beste, Kataluniako gatazkaren inguruko negoziazioari baldintza berdinetan heltzeko. Are gehiago, Kataluniako gatazkari buruzko negoziazio mahaiari berriro heltzea eskatu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izateko baldintza gisa.
ERCren Kontseilu Nazionalean bideokonferentzia bidez sartu da Marta Rovira, eta argi hitz egin du. Horren esanetan, ERCk Espainian legegintzaldi berria abiatzea ahalbidetuko du baldin eta Gobernuak Kataluniako gatazkaren negoziazioa agenda politikoaren erdigunean jartzen badu.
Rovirak nabarmendu duenez, bere alderdiak amnistia "aurretiazko baldintza gisa" jarri zuen Kongresuko mahaia osatzeko negoziazioetan, "PSOEren eta Sumarren konpromiso irmoa ezinbestekoa zelako errepresio politikoari amaiera emateko". "ERCk egintzat ematen du amnistia legea, zehaztea bakarrik falta da", gaineratu du.
Bestalde, Rovirak PSOEri ohartarazi dio negoziazioak ez doazela ondo. Ildo horretan, azken minutuko negoziaziorik eta kontzesiorik ez dutela nahi azpimarratu du eta, aitzitik, Espainiako Gobernuaren ondoan egongo dela Kataluniako gatazkari konponbide demokratikoa eman nahi badio.
Ez duela atzera pausorik emango esan du Juntsek
Miriam Nogueras Juntsek Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, ez dute "milimetro erdi bat ere" atzera egingo, eta Estatuarekin "berdinetik berdinerako harremana" harremana izatea defendatu du.
"Ez dezatela pentsatu denborak arazoak konponduko dituela, Rajoyk egiten zuen bezala, ezustekoak izan baititzakete. Eta hori katalanagatik eta amnistiarengatik diot", gaineratu du.
Juntsek Kontseilu Nazionala egin du gaur goizean Mataron, eta Juntsek Pedro Sanchezen balizko inbestidurari begira zehaztutako baldintzak betetzeko eskatu dio Noguerasek PSOEri.
Datorren asteartean, katalana, galegoa eta euskara Europar Batasuneko hizkuntza ofizial egin ala ez erabakitzeko eztabaida egingo du Europako Kontseiluak, eta orduan ikusiko omen da Noguerasen arabera, Espainiak Europan ahotsa duen ala ez.