Politika -

HIZKUNTZA OFIZIALAK

EBri katalanaren, euskararen eta galizieraren ofizialtasuna eskatzea babestu zuen Estatuko Abokatutzak

Europar Batasunak euskara, katalana eta galegoa hizkuntza ofizial gisa onar ditzala eskatzea adostu du Junts alderdiak PSOErekin, eta, hori dela eta, Espainiako jarduneko Atzerri ministroak gutuna bidali dio EBko Kontseiluari.

Europako Parlamentua, artxiboko argazki batean. EFE
Europako Parlamentua, artxiboko argazki batean
Europako Parlamentua, artxiboko argazki batean. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako jarduneko Gobernuak Europar Batasunari katalanaren, euskararen eta galizieraren ofizialtasuna eskatzea babestu zuen Estatuko Abokatutzak, Gobernuko iturriek Europa Press albiste-agentziari baieztatu diotenez. Estatuko Abokatutzaren arabera, zeregin hori jarduneko Gobernuaren eskumena da.

Atzo, Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri ministroak ofizialki eskatu zuen euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza erregimenean sartzea. Gobernuaren izenean egin zien eskaera EBko Kontseiluko Presidentetzari eta erakunde horretako idazkari nagusi den Therese Blancheti.

Estatuko Abokatutzak aldeko erantzuna eman zuen; izan ere, horren ustez, jarduneko Gobernuari esleitutako zereginen barruan sartzen da Europar Batasunari eskaera hori egitea. Abokatutzak gaineratu zuenez, Atzerri Ministerioaren eskumena da, eta, hortaz, ez ditu gobernuburuaren edo Ministroen Kontseiluaren eskumenak urratu.

Zehazki, EBren hizkuntza-araubidea arautzen duen 1. erregelamendua aldatzeko eskatu du ministroak bere gutunean, "espainieraz gain estatutu ofiziala duten gainerako hizkuntzak" Europar Batasunean ere ofizialak izan daitezen. Aitzitik, ez da erraza izango, estatu kide guztiek aho batez onartu behar baitute. Halaber, gaia irailaren 19an egitekoa den Kontseilu Orokorrean jorratzeko proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika Batasun europarra Espainiako Gobernua bideoak Gaurko titularrak Albisteak Europarlamentuari buruzko azken albisteak