Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
EAJ edo Kataluniako beste alderdi batzuk Kongresuko Mahaian egotea "zentzuzkoa" litzateke, De Andresen ustez
Edonola ere, uste du jeltzaleak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira daudela, Kongresuko Mahaira baino gehiago.
EITB Media
Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaia osatu bezperan, alderdiak isilean negoziatzen ari dira. Javier de Andres Arabako PPko diputatu hautatuaren esanetan, "zentzuzkoa" litzateke EAJk Mahai horretan ordezkaritza izatea. Dena dela, uste du jeltzaleak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira daudela, Kongresuko Mahaira baino gehiago.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, De Andresek "kortesia falta" aurpegiratu dio EAJri, ez baitu PPrekin elkartu nahi izan aurpegira esateko ezetz. Horren ustez, EAJk PPrekin ez duela elkarrizketarik izango nabarmendu du: "Ezkerrarekin duen lotura estuak ezer negoziatzea eragozten dio".
Halaber, PP eta Junts elkar ulertzea "ezinezkoa" dela adierazi du.
PPk oraindik ez du iragarri zein izango den Kongresuko Mahaia gidatzeko bere hautagaia. Dena dela, Esteban Gonzalez Pons eta Cuca Gamarraren izenak bolo-bolo dabiltza, eta bata zein bestea hautagai onak direla nabarmendu du PPko diputatu arabarrak.
Azkenik, De Andresek ez du baztertzen hauteskundeak errepikatu behar izatea, baina horrek ere ez luke bermatuko "beste gehiengo batzuk" osatzea.