Politika -

Nafarroako Parlamentua

Ezustekorik ezean, gehiengo soilez egingo dute Chivite Nafarroako presidente, asteartean

Astearteko 17:20an egingo da bigarren bozketa, lehenengotik 24 ordura, eta konfiantza emandakotzat joko da hautagai sozialistak Ganberako kideen gehiengo soila lortzen badu, kontrako baino aldeko boto gehiagorekin.

EFE
EFE
Maria Chivitek ez du gehiengo osoa lortu Nafarroako presidente izateko

0:42

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite PSNren Nafarroako Gobernuko presidentegaiak ez du lortu Nafarroako Parlamentuan gobernatzeko beharrezkoa den gehiengo osoaren babesik, astelehen honetan, 17:20etan hasita Parlamentuan egin den lehen bozketan. Astelehen goizean abiatutako ibestidura saioa beraz, asteartean amaituko da, 17:20an egingo den bigarren bozketan Ganberako kideen gehiengo soila lortzen badu, kontrako baino aldeko boto gehiagorekin.

Alderdiek aurretik iragarria zuten bezala, sekretuan eta ordena alfabetikoan egin den lehen bozketaren amaieran Gobernu Ituna sinatu duten hiru taldeen 21 babesak jaso ditu hautagai sozialistak: PSN (11), Geroa Bai (7) eta Zurekin Nafarroa (3).

Era berean, Foru parlamentuan 9 eserleku dituen EH Bilduren abstentzioaren hitza bete da, eta UPNko (15), PPko (3) eta Voxeko (2) 20 parlamentariek aurka bozkatu dute.

Chivitek Gobernu "aurrerakoi" bat eratzea defendatu du inbestiduraren eztabaidan, eskuineko alderdiak "inboluzioa" ekartzen eta "eskubideak murrizten" ari baitira.

Bestalde, eskuinak ziurtatu du Nafarroako Gobernu berria "zatituta jaio" dela, eta EH Bilduk ohartarazi du "zorrotza" izango dela eta legegintzaldi hau ezin dela "aurrekoa bezalakoa izan".

Chivite: "Aurreikus zitekeenaren barruan"

Maria Chivite PSNren Nafarroako presidentegaiak uste du astearte honetan bigarren bozketa izango duen inbestidura saioaren eztabaida "aurreikus zitekeenaren barruan" joan dela.

Hala esan du hedabideen aurrean, lehen bozketaren ostean. "Esperotakoaren gisakoak izan dira hitz-hartzeak. Atzo, Ramón Alzórriz bozeramaile sozialistak mezuz esaten zidan, Javier Esparzak honetaz eta honetaz hitz egingo du. Eta halaxe izan da, esperotakoaren barruan".

Zure interesekoa izan daiteke: Maria Chiviteren hitzartzearen gako nagusiak

Chivitek eskertu egin du eztabaidak izan duen tonua: "Nahiko ona izan da eta eskertzekoa da". Kontra bozkatu duten taldeei dagokienez, "inbestidura babestuko ez duten arren, unean uneko akordioei eskua luzatu" dietela azaldu du.

Chivite presidente izateko aurkezten den Bigarren legegintzaldia da, eta duela lau urteko saioarekin alderatuz, zera esan du: "Ibilbide eta esperientzia gehiagorekin zatoz, eta badakizu bozeramaileak nondik joango diren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSN Nafarroa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Nafarroako Gobernuko lehendakaria