Politika -

kongresua

PSOEk eta Sumarrek urrundu egin dute EAJk Kongresuko Presidentetza bereganatzeko aukera

Coalicion Canariak egin zuen proposamena: EAJrena izatea Behe Ganberako Presidentetza, "aniztasuna"ren alde egiteko. Egungo koalizio Gobernuko alderdiek, baina, nahiago dute PSOErena izatea presidentea.

Kongresua. EFE
Kongresua. EFE
Kongresuko Mahaia eratzeko atzerako kontaketa hasi da

1:18

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministroa Nadia Caviño Diputatuen Kongresuko presidentetza EAJrentzat izatearen aurka agertu da, Coalicion Canariaren (CC) proposamenari uko eginez. Hala azaldu du gaur, astelehena, TVEn egindako elkarrizketa batean. Ministroaren ustetan, postua PSOEko pertsona batentzat izan beharko litzateke, nahiz eta ez duen zehaztu nor izango den alderdiaren hautagaia. 

Calviñok azaldu duenez, Diputatuen Kongresuko Mahaiko Presidentziarako eta inbestidurarako negoziazioak martxan daude, "guztia lotuta baitago", eta Gorteak osatzeko oraindik lau egun geratzen direla azpimarratu du, horrek "askorako" ematen duela adieraziz. 

"Akordioetara iristeko nahia egonez gero, ostegunean gehiengo aurrerakoia izango dugu Kongresuko Mahaian", gaineratu du. 

Calviñok berretsi du alderdi bakoitza balizko inbestidura baten aurrean "nola kokatu" hausnartzen ari dela, eta Pedro Sanchezek gidatutako Gobernu bat osatzea espero duela, hauteskundeak errepikatzea ez zelako izango inoren gustuko.

Sumar eta Junts harremanetan, PSOEren mesedetan

Marta Lois Sumarreko bozeramaileak baieztatu du Junts alderdiarekin negoziatzen diharduela gehiengo aurrera lortzeko Kongresuko Mahaian, PSOE buru duela. 

Loisek azpimarratu du presidentetza lehen indar aurrerakoiaren esku egon beharko litzatekeela, eta ez EAJren ala bestelako gutxieneko indar baten esku, alderdi batzuek proposatu bezala.

Era berean, Sumarreko bozeramaileak gaineratu du herritarrek gehiengo aurrerakoi baten alde bozkatu zutela U23an, eta orain ordezkari politikoei "beren lana" egitea egokitzen zaiela akordioetara iristeko.

Bilduk dio EAJren presidentetza ez dagoela "aukera gisa ere"

EH Bilduk jakinarazi du bere taldea PSOErekin eta beste alderdi batzuekin elkarrizketak izaten ari dela, Junts barne, gehiengo aurrerakoia islatzen duen Mahaia osatzeko helburuarekin. 

"Aurrerapen sozial eta demokratikoak izatea ahalbidetuko duen mahaia nahi dugu. Baldintza batzuk jarri ditugu, baina ez dira "onartezinak", arrazoizkoak dira" azpimarratu du EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak. 

Bestalde, EAJk Kongresuko Mahaiaren presidentetza eskuratzea ez dagoela "aukera gisa ere" ziurtatu du Aizpuruak, ez alderdi horrek ez beste alderdi independentista edo nazionalistak ez duelako halakorik mahaigaineratu. 

BNGk "estranbotikotzat" jo du EAJ Kongresuko presidente izateko proposamena

Bestalde, Luis Bara Galiziako Parlamentuko BNGko diputatuak esan du proposamen "estranbotikoa" dela EAJ Kongresuko presidente izatea.

Nolanahi ere, Nestor Rego BNGk Kongresuan duen bozeramailea bidali du, alderdiak horren inguruan duen jarrera eta balorazioa azaltzeko; izan ere, "negoziazioen egunerokotasunean dagoen pertsona da, eta beste taldeekin dituen harremanen berri zuzena du".

Adierazi duenez, "burutazio bat da, beste asko bezalako ideia bat", "jai garaiko" egunak direla eta "proposamen deigarri edo estranbotiko samarrak" egiten direla, Kanarietako Gobernuko presidentearek botatako ideiaren kasuan bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Sumar Mugimendua