Politika -

INBESTIDURA SAIOA

Chiviteren inbestidura saioa datorren astelehen eta asteartean izango da azkenean

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak jakinarazi dute inbestidura saioa abuztuaren 14an eta 15ean egitea erabaki dutela, eta ez asteburu honetan, atzo Unai Hualde Ganberako presidenteak proposatu bezala.

Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea, gaur. Argazkia: EFE
Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordearen bilera, gaur.
Chiviteren inbestidura astelehenean eta asteartean izango da

01:29

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite sozialista Nafarroako Gobernuko presidente berriro izendatzeko inbestidura saioa astelehenean eta asteartean izango da azkenean, abuztuak 14an eta 15ean, eta ez asteburu honetan, Unai Hualde Foru Parlamentuko presidenteak proposatu bezala. Hala jakinarazi du Ganberako Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak gaur goizean. Astelehen goizerako deitu dute hitzordua, 09:30erako.

Araudiaren arabera, Parlamentuko buruak inbestidurarako proposamena Mahaiari helarazten dionetik saioa egiten denera arte gutxienez hiru eguneko tartea izan behar da. Hualderen proposamenak ez zuen epe hori errespetatzen, eta UPNk, PPk eta Voxek araudia ez urratzeko eskatu dute. Egoera aztertuta, Bozeramaileen Batzordeak bilkura datorren asterako deitzea erabaki du, epeak murriztu gabe.

Gauzak horrela, eta gaur bertan EH Bildu abstenitu egingo dela baieztatu ondoren, Chivite asteartean aukeratuko dute presidente, bigarren bozketan, gehiengo soilarekin. Lehenengo bozketa astelehen arratsaldean egingo da, eta hor gehiengo osoa beharko luke.

Saioa egiteko egunaren inguruko erabakia iritsi aurretik, Radio Euskadin goizean egindako elkarrizketan, Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak mahai gainean jarri du saioa datorren astean egiteko aukera. "UPNren kasketagatik egun bat atzeratu behar bada, atzeratu egingo dugu", azaldu du.

Negoziazio luze eta korapilotsuak izan ostean, astelehenean itxi zuten PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak datozen lau urteotarako gobernu-ituna.

Ondo bidean, asteartean izendatuko dute Chivite presidente

Nafarroako Parlamentuak ohar bidez azaldu duenez, astelehen goizeko saioa hautagaiaren hitzaldiarekin abiatuko da. Buruzagi sozialistak osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe, eta Parlamentuaren konfiantza eskatuko du. 

Arratsaldean, 16:30ean, berrabiaraziko dute saioa. Parlamentuko taldeen ordezkariek hartuko dute hitza, gehienez ere 30 minutuz, taldekide kopuruaren araberako hurrenkeran, handienetik txikienera. Chivite nahi beste aldiz mintzatu ahalko da. Dena delako ordezkariari bakarka erantzuten badio, horrek ihardesteko eskubidea izango du, eta baita berriro erantzuteko ere, 10 minutuz. 

Eztabaida bukatutakoan, 18:30 aldera egingo dute bozketa. Hautagaiak gehiengo osoa behar du: 26 boto. Hautagaiak beharrezko babesa lortuz gero, presidente izendatuko dute. Gehiengorik lortu ezean, ordea, 24 orduren buruan egingo dute bigarren bozketa: asteartean, 18:30 aldera. Bigarren horretan, nahikoa da gehiengo soila (baiezkoak ezezkoak baino gehiago izatea). Dena ondo bidean, Chivite astearte arratsaldean hautatuko dute berriz Nafarroako presidente. 

Ganberak konfiantza ematen badio, Maria Chivitek hilaren 17an hartuko du kargua, 11:30ean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua María Chivite