Politika -

CHIVITEREN INBESTIDURA

EH Bilduko militanteen % 82,7 abstentzioarekin Chiviteren inbestidura ahalbidetzearen alde agertu dira

"Bilkideen gehiengo zabalak Nafarroako Mahaiaren irakurketa politikoarekin bat egin du Chiviteren inbestidura abstentzioaren bidez ahalbidetzearen alde eginez", esan du koalizio subiranistak Twitter bidez zabaldutako mezuan.

Araiz eta Aznal, atzo. Argazkia: EFE
Araiz eta Aznal, atzo. Argazkia: EFE
Araiz eta Aznal, atzo. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren militanteen gehiengoa Maria Chivite sozialista berriro Nafarroako presidente izendatzeko inbestidura abstentzioaren bidez babestearen alde agertu da.

Oinarriei egindako kontsultaren emaitzak kaleratu ditu koalizio subiranistak, eta, horien arabera, parte hartu dutenen % 82,7 inbestidura saioan abstenitzearen alde agertu dira, EH Bilduren Mahai Politikoak proposatu bezala; % 12,7, berriz, aurka.

"Bilkideen gehiengo zabalak Nafarroako Mahaiaren irakurketa politikoarekin bat egin du Chiviteren inbestidura abstentzioaren bidez ahalbidetzearen alde eginez", esan du EH Bilduk sare sozialetan zabaldutako mezuan.

Iragan astean, Foru Gobernua eratzeko negoziazioak ez atzera ez aurrera zeudela, EH Bildu Chiviteren inbestidura saioan baiezko botoa emateko prest agertu zen, egoera "bideratu" eta "desblokeatzeko". Horri buruz militanteei galdetuko ziela iragarri zuen.

Asteartean, Geroa Baik, PSNk eta Zurekin Nafarroak Foru Gobernua osatzeko akordioa lortuta agertokia bestelakoa bada ere, Chivitek EH Bilduren abstentzioa nahitaez behar du Nafarroako Gobernuko presidente izateko.

Gauzak horrela, PSNko hautagaia proposatu du berriro Nafarroako Gobernuko presidente izateko Unai Hualde Foru Parlamentuko presidenteak, eta horren inbestidura saioa datorren asteburuan (abuztuaren 12an eta 13an) egitea. Ganberako Mahaiari eta Bozeramaileen Batzordeari gaur helarazi dio proposamena, azter dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua María Chivite