Politika -
Doitze-neurriak
Urkullu: 'Jaurlaritza huts egiten ari da, Zapatero eta Rajoy bezala'
Horrez gain, "existitzen ez den metroan 1,5 milioi euro gastatzea eta beste hainbat milioi webguneetan eta propagandan erabiltzea" salatu du jeltzaleen liderrak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidentearen ustez, Eusko Jaurlaritza Zapaterok eta Rajoyk egindako "huts berbera" egiten ari da, "azken hilabeteak" krisia konpontzeko baino "hauteskundeetan hobeto kokatuta egoteko" erabiltzen ari direlako.
Adierazpenok Donostian egindako prentsaurrekoan egin ditu Urkulluk, Eider Mendoza jeltzaleen biltzarkidearekin batera.
EAJko liderrak azpimarratu egin du "ateak ixten dituen enpresa bakoitza eta lanpostua galtzen duen langile bakoitza zama ekonomikoa, soziala eta politikoa direla", eta "ongizatea sistemaren beste zulo bat adierazten dute".
"Euskadik ezin du minutu bakar bat ere galdu", esan du Urkulluk, eta krisiari aurre egiteko erabakiak hartzea eskatu du, horien artean "aldundiek eta Jaurlaritzak BEZaren diru-bilketaren igoera kontsumoa bultzatzeko eta enpresak finantzatzeko erabiltzea, batez ere enpresa txiki eta ertainen kasuan".
Propagandan gastatzeari utzi
Halaber, "publizitatean eta egindakoak goratzen" gastatzeari uzteko beharra nabarmendu du, izan ere, "ez da normala jaurlaritzak existitzen ez den metroan 1,5 milioi gastatzea, eta beste hainbat milioi webguneetan eta propagandan erabiltzea".