Politika -

Nafarroako Gobernua

Geroa Baik kontraproposamena aurkeztu du, eta akordioa lortzeko bilerak aurrera jarraitzen du

Batzarra goizean Geroa Baik PSNren azken proposamenaren inguruan bere jarrera zehazteko barne bilera egin ondoren deitu dute. Geroa Baik aurkeztutako planteamendua akordio programatikoari, bazkideen arteko desadostasunei eta kontrol neurriei buruzkoa da.

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, bilduta arratsaldean. Argazkia: EFE
PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, bilduta arratsaldean. Argazkia: EFE
PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, bilduta arratsaldean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdietako ordezkariak Nafarroako Parlamentuan bilduta daude gaur, 17:00etatik, Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa ixteko saiakera berri batean.

Bilera horretan, Geroa Baik kontraproposamena aurkeztu du, eta talde politikoak aztertzen ari dira. Negoziazioko iturrien arabera, Geroa Baik aurkeztutako planteamendua akordio programatikoari, bazkideen arteko desadostasunei eta kontrol neurriei buruzkoa da. Hiru ordu baino gehiagoren ostean, etenaldi bat egin dute negoziazioei berriro ekiteko, 21:00ean.

Batzarra goizean Geroa Baik PSNren azken proposamenaren inguruan bere jarrera zehazteko barne bilera egin ondoren deitu dute.

Nafarroako Parlamentuko bileran izan dira, PSNren aldetik, Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkaria eta Parlamentuko bozeramailea, eta Ainhoa Unzu eta Jorge Aguirre parlamentariak; Geroa Bairen aldetik, Uxue Barkos buruzagia, Unai Hualde Parlamentuko presidentea eta Maria Solana, Jabi Arakama eta Pablo Azcona parlamentariak; eta Zurekin Nafarroa alderdiaren aldetik, Begoña Alfaro (Podemos) Parlamentuko bozeramailea, Carlos Guzman (IUN) parlamentaria eta Iñigo Rudi Batzarreko kidea.

Geroa Bai koalizioa osatzen duten alderdiek bilera egin dute goizean, Nafarroako Gobernu berria osatzeko PSNk mahai gainean jarritako azken proposamena aztertzeko. Ia bi hiru orduz egon dira bilduta, eta, oraingoz, ez dute jakinarazi zer erabaki hartu dute.

Maria Chivite sozialistaren lantaldearen azken proposamenaren arabera, lau kontseilaritza izango lituzke Geroa Baik, bakarra Zurekin Nafarroak, eta sozialistek presidentetza eta zazpi departamenduren gidaritza.

Zurekin Nafarroak eta PSNk abuztuaren 2an itxi zuten aurreakordioa Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan. Gero Baik, aldiz, ez zuen ontzat eman sozialisten aurreneko proposamena, eta ikusteko dago bigarrena onartuko duten edo ez.

Bien bitartean, epeak agortzen ari dira, eta abuztuaren 28rako inbestidura saioa deituko ez balitz, berriro hauteskundeak deitu beharko lirateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua