Politika -

EUSKADI IRRATIA

Garcia Gurrutxaga: "Ez da erraza izango Gobernua osatzea, baina Sanchez baikor eta itxaropentsu dago"

PSE-EEren Kongresuko diputatu hautatuak garbi adierazi du zein den sozialisten marra gorria eta akordiotarako jokalekua: Espainiako Konstituzioa. Ildo horretan, nabarmendu du erabakitzeko eskubidea ez dela inoren agendan egon kanpainan, "ezta EH Bildurenean ere".

Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, gaur, Euskadi Irratian
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, gaur, Euskadi Irratian
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, gaur, Euskadi Irratian

play icon 19:46

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren agintaldiari ekingo dio Maria Luisa Garcia Gurrutxaga PSE-EEren diputatu hautatuak Kongresuan. Aurrekoan, Odon Elorzaren lekukoa hartu zuen, hark kargua utzi ondoren, eta, oraingoan, U23ko hauteskundeetan lortu du eserlekua, Gipuzkoa ordezkatzeko. Espainiako Gobernu berriaren osaketa da mahai gainean duten lehentasuna, eta ez dela "erraza" izango aitortu arren, Pedro Sanchez sozialista "itxaropentsu eta baikor" ikusten du.

Euskal Herriko zein Kataluniako alderdi abertzaleen botoak ezinbestekoak izango ditu Sanchezek presidente izaten jarraitzeko, eta ikusteko dago Junts alderdiak zer erabaki haertzen duen. EAJk ere, atzo egindako agerraldi batean, nazio aniztasuna aintzat hartzea jarri zuen Estatu ereduari buruzko eztabaidari ekiteko baldintza moduan. Horren aurrean, Garcia Gurrutxagak garbi esan du marra gorria eta akordiotarako jokalekua zein den: Espainiako Konstituzioa. "Konstituzioan onartuta dago Euskadi eta Katalunia nazioak direla. Orduan, zer ari gara eskatzen?", galdetu du. Hala, nabarmendu du erabakitzeko eskubidea ez dela inoren agendan egon kanpainan, "ezta EH Bildurenean ere". 

Nolanahi ere, diputatu sozialistaren ustez, gobernatzeko aukera ez dago soilik Juntseko diputatuen esku. Alderdi Popularrak abstentziora jotzeko aukerari ere atea zabaldu dio. "Kongresuan 350 diputatu daude, eta aukera ezberdinak gobernatzeko. Juntsena aukera bat da, baina badira beste batzuk ere; adibidez, PPren abstentzioa. Hain larria bada Juntsen botoekin gobernatzea, popularren esku egon daiteke beste bide bat zabaltzea", zehaztu du. 

Aurrera begira EH Bildurekin gobernu-itunak erdiesterik izango den galdetuta, PSE-EEko ordezkariak argi du ezetz. Elkarlana bai, baina "akordiotarako aukerarik, oraingoz, ez dut ikusten", azaldu du. Horren hitzetan, koalizio subiranistak "hainbat kontu ditu oraindik argitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua argazkiak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia