Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Anduezak aukeratzeko deia egin dio JxCati: "Elkarrizketaren alde egingo duen gobernu sozialista edo blokeoa"
PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, Carles Puigdemonten indultua "ez dago mahai gainean". Feijoori ere zuzendu zaio, eta herritarrei "adarra jotzeari uzteko" eskatu dio. EAJri erantzunez, bestalde, azpimarratu du PSOEk ez dituela "ez orain ez inoiz amets subiranistak" onartuko.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, JxCatek hautua egin beharko luke U23ko hauteskundeen emaitzen ostean "elkarrizketaren eta erakundeen arteko normaltasunaren alde egiten jarraituko duen gobernu sozialista baten edo eskuinari eta ultraeskuinari mesede egingo liokeen eta Katalunian sutea eta tentsioa eragingo lukeen blokeoaren artean".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskaini dion elkarrizketan, bezperan PSOEko zuzendaritzak alderdi katalanari emandako mezua berretsi du EAEko buruzagiak, negoziazioak Konstituzioaren barruan gauzatu behar direla, alegia. Carles Puigdemont Kataluniako presidente izandakoari indultua ematea negoziatu ote daitekeen galdetuta, honakoa erantzun du Anduezak: "Ez dut uste mahai gainean dagoenik". Iradoki duenez, Puigdemonten alderdia "Katalunian izan dituen emaitza txarrei buelta eman" nahian ariko litzateke bozken balizko errepikapenarekin, baina bere iritziz, "aukera bakarra" PSOEren gobernua babestea da, "blokeoa ez zaie interesatzen, ez alderdi moduan eta ezta Kataluniako gizarteari ere".
Alberto Nuñez Feijooren jarrera aldaketa ahotan —atzo PSOE "Estatu alderdi" bat zela esan zuen—, Anduezak "herritarrei adar jotzeari uzteko eta seriotasuna erakusteko" eskatu dio. "Duela lau egun ETAko terroristak ginen (Feijoorentzat)", salatu du.
EAJk eta EH Bilduk Sanchezen inbestiduraren alde bozkatuko dutelakoan dago Andueza; "koherenteak badira, behintzat, bai", erantsi du. Halaber, jeltzaleei eskatu die argitzeko "zein erabaki estrategikoz" ari diren euren babesaren truke. "Asmo subiranistaz edo independentistaz ari badira, argi utzi nahi dut PSOEk ez dituela ez orain ez inoiz halakoak onartuko".