Politika -

INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxistari buruzko protokoloak berrikusteko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari

Voxek ez beste Legebiltzarreko alderdi guztiek indarkeria matxistaren jarraipen batzordeak hasitako bideari jarraipena ematea eskatu diote Jaurlaritzari. Halaber, Orioko eta Gasteizko hilketa matxistek hedabideetan izan duten tratamendua ikertzeko eskatu dute.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran indarkeria matxistari buruz EH Bilduk aurkeztutako proposamena eztabaidatu dute, eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko akordioa lortu dute. PPk alde bozkatu du eta Voxek, ostera, aurka. Alderdiek adostu dutenaren arabera, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote protokoloak eta Erakundeen arteko III. Akordioa berrikustea, eta indarkeria matxistaren jarraipen batzordeak hasitako bideari jarraipena ematea.

Era berean, indarkeria matxistaren jarraipen batzordean hauek ere parte hartzea proposatu dute: indarkeria matxistari biziraun dioten emakumeak, adituak eta emakume horiek laguntzen edo ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteetako kideak.

Halaber, Orioko eta Gasteizko hilketa matxistek hedabideetan izan duten tratamendua ikertzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Zehazki, Begira batzordean ikerketa bat abiatzea proposatu dute, komunikabideen jarraipena tratamendu hori autoerregulazio kodearekin bat datorren ala ez zehazteko.

Emaitzak ezagutu ostean, autoerregulazio kodea sinatu duten hedabideekin lanketa egingo da, besteak beste, hartutako konpromisoak indartzeko eta hemendik aurrerakoei ekiteko.

Mozio horren bitartez, ekintza zehatzak eskatu dizkiote Jaurlaritzari. Lehenik, premiazko prestakuntza abian jartzea, arreta pertsonalizatua eskaintzea eta epaitegiei eta protokoloei loturiko baliabideak areagotzea.

Bigarrenik, proposamen guztiak sistematizatzeko eta lan plan batean jasotzeko galdegin diote Jaurlaritzari, 2023-2024ko bilkura-aldia amaitu baino lehen. 

Hirugarrenik, Jaurlaritzaren eta talde parlamentarioen arteko jarraipena egitea aldarrikatu dute. Adostutako testuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak gutxienez urtean behin parte hartuko du, ofizioz, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean eta baita legebiltzarreko alderdiren batek eskatzen duenean ere.

Azkenik, prozesu honetan guztian ikuspegi intersekzionala berrikusi eta txertatu behar dela azpimarratu dute, arrazakeriaren aurkako borrokan arreta jarrita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea bideoak EH Bildu Nafarroa PSE-EE albisteak Indarkeria matxista Euskadiko PP Gaurko titularrak Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Matxismoa