Politika -

U23 HAUTESKUNDEAK

Ione Belarra: "Irene Monterori betoa jartzea akats politikoa da, eta zuzendu beharra dago"

Podemoseko idazkari nagusiaren arabera, Yolanda Diazen platadormak jarritako baldintzak onartu ezean, "koaliziotik kanpo" geratuko zirela "mehatxu" egin zieten alderdi moreko kideei.

Ione Belarra, ostiral honetan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Ione Belarra, ostiral honetan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Ione Belarra, ostiral honetan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos eta Sumar alderdiek sinatutako koalizio akordioan, uztailaren 23ko hauteskunde orokorrei begira aurreikusitako zerrendetatik kanpo geratuko litzateke Irene Montero; izan ere, Yolanda Diazen platadormak jarritako baldintzak onartu ezean, "koaliziotik kanpo" geratuko zirela "mehatxu" egin zieten alderdi moreko kideei. Hala ziurtatu du Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak, bere alderdiko oinarriei bidalitako gutun batean. 

"Yolanda Diazen negoziazio-taldeak uko egin dio Ireneri betoa kentzeari, eta bidalitako azken eskaintzari eusteko erabaki ezeztaezina hartu dute", adierazi du alderdi moreko idazkari nagusiak bere gutunean. Bertan adierazi duenez, "Irene Monterori betoa jartzea akats politikoa da, eta zuzendu beharra dago".

Belarraren esanetan, Podemoseko Koordinazio Kontseiluak ostiral honetan erabaki zuen Sumarrekin koalizio akordioa sinatzea, koaliziotik kanpo geratzeko mehatxua jaso zuten arren. "Baldintzak onartu ezean, koaliziotik kanpo geratuko ginatekeela mehatxu egin ziguten, Andaluzian gertatu zen bezala", deitoratu du Belarrak idatzi horretan.

Testuinguru horretan, Podemoseko Koordinazio Kontseiluak Sumarren negoziazio-taldeari jakinarazi dionez, "Podemosek ez du onartzen Irene Montero gure alderdikideari U23ko hauteskunde orokorretan parte hartzeko betoa jartzea". Hori dela eta, datorren astean, negoziazioekin jarraitzeko eskatu dio Yolanda Diazen taldeari (zerrendak aurkezteko epea ekainaren 19an amaitzen da).

"Podemosi bere hautagai nagusiari uko egiteko eskatu zaio beste behin ere. Irene zerrendatik kanpo uztea erabaki bidegabea izateaz gain, akats politikoa dela uste dugu", gaineratu du Podemoseko idazkari nagusiak.

Horrenbestez, Belarrak uste du "Podemosen eta Sumarren arteko hauteskunde-akordioak bidezkoa izan behar duela, eta Kongresuan gure ordezkaritza ziurtatu behar dela". Gauzak horrela, "Podemosen militantzia errespetatuko duen akordioa lortzeko asmoz" azken unera arte lan egingo duela ziurtatu du Belarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Podemos albisteak Hauteskundeak Senatua Sumar Mugimendua