Politika -
Pasaiako sarraskia
Pasaiako Sarraskia argitzeko bigarren identifikazio saioa egingo dute gaur
Lehendabizikoan, martxoaren 28an egindakoan, Joseba Merinok (sarraskitik bizirik atera zen bakarra) ezin izan zuen poliziarik identifikatu. Hala, bigarrena egingo dute Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Senide eta lagunen elkarretaratzea izango da epaitegi atarian.
EITB Media
Pasaiako badian Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide tiroz hil zituenetik 39 urte igaro diren honetan, gertakari haietan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko ahaleginean, ezagutze erronda egingo dute gaur, bigarrenez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian.
Lehendabizikoan, duela ia bi hilabete, Joseba Merinok (sarraskitik onik atera zen bakarra) ez zuen agenterik identifikatzerik izan. Oraingo honetan, beste hiru polizia ezagutzeko saiakera egin beharko du.
Identifikazio saioarekin batera, senide eta lagunek elkarretaratzea egingo dute epaitegi atarian, 10:00etan. Pasaiako sarraskia ikertzeko eta argitzeko eskatuko dute beste behin.
Aurreko ezagutze erronda martxoaren 28an egin zuten auzitegi berean. Esan dezala, Joseba Merino da sarraskitik bizirik atera zen bakarra. Azpeitiarrak esana zuen segadan parte hartu zuten polizietako bat ezagutu zuela TVEko dokumental batean. Hori kontuan hartuta, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko epaile batek kasua berriro irekitzea erabaki zuen, eta Merino identifikazio saiora deitu. Epaileak auzia argitzeko "benetako borondatea" du, Merinoren eta sarraskian hildako senitartekoen arabera.
Bi nobedade nagusirekin iritsi da segadaren 39. urteurrena. Kasua berriro zabaltzeaz gain, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko UNESCO Katedrak, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Pasaiako sarraskiari buruz egindako txosten bat ezagutu da. Lan horrek hitzez hitz dioenez, "ez da egin ikerketa judizial eraginkorrik" Pasaian gertatutakoa argitzeko, eta exekuzio estrajudizial baten antza izan zuen operazioak.