Politika -

M-28KO HAUTESKUNDEAK

Otegik uko egin dutenen jarrera "txalotu" du eta "elkarbizitza demokratikorako konpromisoa" berretsi du

Odol-delituengatik zigortutako zazpi hautagaiek kargua hartzeari uko egingo diotela jakinarazi ostean, EH Bilduren Mahai Politikoaren komunikatua irakurri du koordinatzaile nagusiak.

EH Bilduk "elkarbizitza demokratikorako konpromisoa" berretsi du. Argazkia: EFE.
EH Bilduk "elkarbizitza demokratikorako konpromisoa" berretsi du. Argazkia: EFE.
EH Bilduk "elkarbizitza demokratikorako konpromisoa" berretsi du. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegik EH Bilduren Mahai Politikoaren adierazpen bat irakurri du odol-delituengatik zigortutako zazpi hautagaiek kargua hartzeari uko egingo diotela jakinarazi ostean. Hautagai hauen jarrera "txalotu" du eta "elkarbizitza demokratikorako konpromisoa" berretsi du.

Adierazpenean esandakoaren arabera, "hauteskunde ziklo honek herriaren erronka handiei aurre egiteko gehiengo nahikoa sortzeko eta finkatzeko, eta gero eta demokratikoagoak eta eraldatzaileagoak diren gobernantza ereduei bidea irekitzeko" balio behar du EH Bilduren aburuz. Azken egunetan, ordea, "Espainiako eskuinaren sektore jakin batzuen kanpaina berri baten lekuko izan" garela uste du eta gehitu du "beste indar batzuek ere bat egin dute haiekin, arduragabeki, interes politiko eta elektoralista hutsengatik lokatzetan plisti-plasta aritzeko".

Ingurumaria honetan, egin diren "eragiketa horien" "ondorioak arintzeko ahal dugun guztia" egiteko betebeharra jarri dio EH Bilduk bere buruari, "etorkizunean aurrera egiteko dugun borondatea berresteko eta, aniztasunetik eta desadostasunetik ere, pertsona guztiek eskubide guztiak erabiliz elkarbizitzarako eta normalizazio politikorako bidea egiteko prest dauden beste sektore batzuetan, ezinegonik sor ez dadin".

Komunikatuan bi baieztapen egin ditu EH Bilduk: bere hautagaiek "bat egiten eta izenpetzen" dutela "soilik bide baketsu eta demokratikoekin aldeko EH Bilduren apustua" eta "oso-osorik eta hitzez hitz izenpetzen" dutela "Urriaren 18ko Adierazpena, zauriak kentzeko borondate zintzoarekin". Hori dela eta, zinegotzi izateari uko egiteko hartutako erabakia "deskribatutako konpromisoaren zentzuan zalantzarik gabe" hartutakoa dela dio.

Azkenik, "herritarren ongizatearekin zerikusia duten gai guztiei erantzun" behar zaiela azpimarratu du eta "osasuna, hezkuntza, adinekoentzako arreta edo berdintasun politikak, besteak beste, erabateko zentraltasuna izan" behar dutela kanpainan uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Berriak Politika EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak