Politika -
Memoria historikoa
Primo de Riveraren gorpuzkiak Cuelgamuros Haranetik atera dituzte
Falangeren sortzailearen gorpuzkiak Madrilgo San Isidro hilerrira eraman dituzte. Poliziak hiru falangista atxilotu ditu Primo de Riveraren jarraitzaileen eta segurtasun indarren artean izandako liskarretan, Falange Españolaren sortzailearen gorpuzkiak hilerrira iritsi direnean.
Agentziak | EITB Media
Jose Antonio Primo de Rivera Falangeren fundatzailearen gorpuzkiak Cuelgamuros Haranetik atera dituzte, ondoren Madrilgo San Isidro hilerrira eramateko. Bosgarren ehorzketa da, duela 86 urte agintari errepublikanoek epaitu eta fusilatu zutenetik.
Gaur bete dira, gainera, 120 urte buruzagi falangista jaio zenetik, eta Memoria Demokratikoaren Legea betez eta familiarekin adostuta lekualdatu dute haren gorpua.
"Haranari beste zentzu bat emateko urrats bat gehiago da", adierazi zuen joan den astean Felix Bolaños ministroak.
Falangeren sortzailearen gorpuzkiak Cuelgamuros Haraneko basilikatik Madrilgo San Isidro hilerrira eraman dituzte, senideek hobitik ateratzea eskatu ondoren. 2019an Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak El Pardo-Mingorrubio hilerrira eraman eta lau urtera egin dute.
Primo de Riveraren lekualdaketa bakarrik geratzen zen egiteko; izan ere, Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, Beneditarren Abadiako basilikako leku "nagusi" batean zeuden gorpuzkiak beste leku batean kokatu behar ziren. Lege berriak "Cuelgamuros Harana" izena jarri zion tokiari.
Primo de Rivera gudari errepublikanoek fusilatu zuten 1936ko azaroaren 20an, Gerra Zibilean, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, 1959an, Cuelgamuros Haranera eraman zituzten haren gorpuzkiak, Francisco Francok eraikitzeko agindua eman zuen esparrua inauguratu ostean.
Hiru falangista atxilotu dituzte gorpuzkiak iritsi direnean izandako istiluen ondorioz
Espainiako Poliziak hiru falangista atxilotu ditu Primo de Riveraren jarraitzaileen eta segurtasun indarren artean izandako liskarretan, Falange Españolaren sortzailearen gorpuzkiak San Isidroko hilerrira iritsi direnean.
Poliziak hiru pertsona atxilotu eta komisariara eraman ditu. 200 bat falangista bildu dira hilerrian. Poliziak itxitako esparruan sartu eta agenteen aurka egin dute, hileta autoa heldu den unean.
"Gora Espainia", "Gobernu kriminala" eta "Lehenengo hil eta gero desohoratu egiten duzue" oihukatu dituzte han bildutakoek. Falangisten ereserkia ere abestu dute batzuek, besoa altxatuta.