Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadi

Andueza: "Estatuko Etxebizitza legeak ez ditu eskuduntzak urratzen, inondik inora"

Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak Uliazpiko lan eskaintza publikoa bertan behera utzi zuen epaiaren aurka aurkeztutako helegitearen kontura, PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri du sozialistak erabaki horretatik aldenduko direla.

Andueza, en un momento de la entrevista. Foto: EITB Media
Andueza, en un momento de la entrevista.
Andueza, en un momento de la entrevista. Foto: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, Estatuko etxebizitza legeak ez ditu Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiak (EAJ eta PSE-EE bera) aurrez aurre jarri, kontrakoa baizik: "Arriola sailburuak Gobernuaren aldetik dugun posizioa eman zuen, eta uste dut gobernu osoaren posizioa dela". Horren ustez, Sanchezen gobernuak bultzatutako araua EAEko etxebizitza legearen "osagarria" da. Gainera, Aitor Esteban diputatu jeltzaleak atzo egindako adierazpenak direla eta —eskuduntzak urratzen dituela salatu zuen—, honakoa azpimarratu du: "Estatuko Etxebizitza legeak ez ditu eskuduntzak urratzen, inondik inora". 

Espainiako Gobernuak EH Bildurekin eta ERCrekin adostutako Etxebizitza legeak eragin duen eztabaida politikoa ahotan hartu du, horrenbestez, Anduezak, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean. Arauak alokairuaren prezioari muga jartzea ahalbideratuko du, besteak beste. Hain justu, hori nabarmendu du PSE-EEko buruak: "Lege horrek erreminta gehiago emango dizkie tokiko zein foru erakundeei pertsona zaurgarriak babesteko eta alokairuaren politikak sustatzeko". Anduezak gogorarazi duenez, "hori da EAJren alkateren batek, bereziki Donostiakoak, eskatutako gauzetako bat". 

Hala, iragarri du Etxebizitza Sailak proposamenen bat helarazi diela foru ogasunei euren etxebizitza alokairurako jartzen duten pertsona fisiko horiei zerga abantailak emateko.  

Bestalde, B-2 euskara eskakizuna eskatzeagatik Uliazpiren lan eskaintza publikoa baliogabetu zuen epaiaren kontra Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako helegitearen harira, Anduezak iragarri du sozialistak erabaki horretatik aldenduko direla —EAJ eta PSE-EEk osatzen dute foru gobernua—. "Ezin zen bestela izan, lan eskubideak ezin dira hizkuntza eskubideen gainetik egon kasu honetan", gaineratu du. Izan ere, horren ustean, hizkuntza eskubideak "bermatuta" daude lanpostuen % 64rako hizkuntza eskakizuna galdegiten delako. 

Eneko Andueza, Uliazpiko LEPari buruz: ''Lan eskubideak hizkuntza eskubideen gainetik jarri behar dira''
Eneko Andueza, Uliazpiko LEPari buruz: ''Lan eskubideak hizkuntza eskubideen gainetik jarri behar dira''
Eneko Andueza, Uliazpiko LEPari buruz: ''Lan eskubideak hizkuntza eskubideen gainetik jarri behar dira''

1:14

Azkenik, Mikel Zabalzaren bahiketan eta heriotzan nahasitako Arturo Espejo Guardia Zibileko buruzagitzara igo dutela eta, Anduezak azpimarratu du "suminduta eta lotsatuta" dagoela eta hala jakinaraziko diola Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari eta Zabalzaren familiari berari —azken horri "aurrez aurre"—, aukera duenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza Eneko Andueza