Politika -

Emakumeen aurkako indarkeria

'Bai bakarrik da bai' legearen erreforma, azken txanpan

PPk eta PSOEk atzo adostutako ituna Kongresuko Justizia Batzordean eztabaidatuko dute gaur, eta ostegunean osoko bilkurara iritsiko da.

Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen bozketa bat. Artxiboko irudia: EITB
Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen bozketa bat.
Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen bozketa bat. Artxiboko irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu-erasotzaileei ezarritako zigorrak murriztu eta gobernu koalizioa zatitu ostean, 'Bai bakarrik da bai' legearen erreformaren alde batzuk zuzentzeko PSOEk bultzatutako lege-proposamena gaur eztabaidatuko dute Justizia Batzordean, eta ostegunean iritsiko da Kongresuko osoko bilkurara.

PPk eta PSOEk astelehenean lortu zuten akordioa, nahiz eta, sozialisten arabera, aldaketa horiek "teknikoak" izan. Alderdi Popularrarentzat, aldiz, "garrantzi handia" dute.

Pedro Sanchezen inbestidurarako bazkide batzuentzat, ostera, aldaketa "etsigarriak" dira, Pilar Valluguera ERCko diputatuak Kongresuan batzartutako lantaldea amaitu eta gero azaldu zuenez. PSOE, PP, Ciudadanos eta EAJ alderdien aldeko botoekin eta Vox, Unidas Podemos, ERC eta EH Bilduren kontrako bozekin erreformaren ebazpena onartu zuen lantaldeak.

PPko iturrien arabera, Ganberako bi alderdi nagusiek transakzio-zuzenketa bat adostu zuten astelehenean, 16 urtetik beherakoei sexu-erasoak egitera bultzatzen duten edukiak zabaltzea berriro zigortzeko.

Puntu horrez gain, PSOEk eta PPk adostutako beste bi transakzio-zuzenketa eta Alderdi Popularraren beste bi proposamen baino ez zituen jaso lantaldeak ebazpenean.

Aldaketa horien artean dago legearen 178. artikuluaren bigarren parrafoan lokailu bat ezabatzea –sexu-erasoaren delitua definitzen duena– edo "zirkunstantzia" hitza "modalitate" hitzaren ordez sexu-eraso batean gerta daitezkeen egoera desberdinak aipatzea, hala nola indarkeria egotea edo biktimaren borondatea deuseztatzea.

Asteleheneko bileraren ostean, Andrea Fernandez PSOEko Berdintasun idazkariak esan zuen zuzenketa guztiak "teknikoak" direla eta "idazketarekin" zerikusia dutela, eta, beraz, ez dutela sozialistek proposatutako erreforma "funtsean" aldatzen, ezta adostasunaren definizioa ere, "ez baita koma bat ere ukitzen".

Mikel Legarda EAJko diputatua bat dator sozialistekin onartutako zuzenketak "mamiari eragiten ez dioten gai oso teknikoak" direla esaten.

Pedro Sanchezen inbestidura saioko beste bazkide batzuek ez dute iritzi bera, eta PPren eta PSOEren akordioa "oso etsigarria" dela adierazi zuten. "Beraiek jakingo dute zer egiten duten, baina emakumeentzat ez da albiste ona", deitoratu zuen Pilar Valluguerak Isabel Pozueta EH Bilduko diputatuarekin batera egindako adierazpenetan.

Era berean. itun hori ez da albiste ona Unidas Podemosentzat. Justizia Batzordean gaur eztabaidatuko den testuan gainerako alderdien zuzenketarik jaso ez izana deitoratu du UPk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak Tratu txarrak Espainiako Gobernua Espainia albisteak Gizartea albisteak Genero indarkeriaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak