Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Autogobernuaren alorrean adostasun zabala lortzea eta "juridikoki bideragarria" izatea defendatu du Urkulluk

Lehendakariak EH Bilduri erantzun dio juridikoki bideragarria izango den planteamendu zehatza egin behar dela gero erreferendumean onartu ahal izateko: "Kontua ez da pauso bat ematea, pausoz pauso aurrera egiten jarraitzea baizik".

Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean
Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean
Autogobernua garatzen jarraitzea proposatu du Urkullu lehendakariak, berme juridikoekin

1:20

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak autogobernuaren arloan "ahalik eta adostasun zabalena" lortzea defendatu du, juridikoki bideragarria izango den proiektu bat egin eta planteamendu zehatza erreferendumean onartu ahal izateko. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan EH Bilduri erantzunez esan duenez, "kontua ez da pauso bat ematea, pausoz pauso aurrera egiten jarraitzea baizik".

Kontrol saioan, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak erabakitzeko eskubidea "instituzionalizatzeko" beharraz galdetu dio lehendakariari, eta EAJk, EH Bilduk eta EP-IUk herrien erabakitzeko eskubidea Espainiako Konstituzioan gehitzeko egindako eskaera nabarmendu du.

Urkulluk ere, hiru talde parlamentarioek adostutako erdibideko zuzenketa azpimarratu du, Espainiako Konstituzioa erreformatuko balitz erabakitzeko eskubidea arautzeko.

Autogobernuaren alorrean "aurrera egiten jarraitzeko", hiru urrats proposatu ditu lehendakariak: "Euskal autogobernua garatzen jarraitzea; autogobernuari buruzko lantaldearen abiapuntua modu eraginkorrean adostea, eta Europar Batasunaren barruan, Euskadi bezalako estaturik gabeko herri eta nazioen eskubideen onarpen handiagoa lortzeko lan egitea".

"Euskadiren etorkizuna Europan eta Europarekin dago", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu Nafarroa Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea EAEko Autonomia Estatutua