Politika -
Gutun batean
Txelis ETAko buru ohiak barkamena eskatu du, 'bihotz-bihotzez'
Jose Luis Alvarez Santacristinak "dolumin sakona" adierazi du, biktimak pairatzen ari diren "tragedia"ren aurrean.
Erredakzioa
Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko buru ohiak barkamena eskatu die gaur terrorismoaren biktimei, "bihotz-bihotzez eta autokritika hausnarketa sakona egin ostean".
"Atsekabea eta dolumina adierazi nahi ditut, gero eta argiagoa daukat indarkeriaren biktimak pairatzen ari diren tragedia", esan du Txelisek, Martuteneko espetxetik igorritako eta gaur goizean Sabino Ayestaran EHUko katedradun emerituak uda ikastaroetan irakurritako gutun batean.
Hain zuzen ere, Donostiako Miramar jauregian irakurri du eskutitza, "Bizitzeko Barkatu" izeneko uda ikastaro batean. Hasiera batean, Txelisek parte hartu behar zuen ikastaroan, baina iragarpenak piztu zuen polemika ikusita, uko egin zion, "biktimak ez iraintzeko".
Txelisen gutuna sei orrikoa da, eta ekainaren 24ko data dauka. Testuan, presoak hausnarketa luzea egin du, eta aitortu egin du ETAn aritu izanak bitimentzat dakarren "erantzukizun morala". "Jainkoa lekuko da, bene-benetan damututa nago", nabarmendu du.
ETAko buruzagi ohiaren ustez, barkamena eskatzea "askatasun osoz" erabaki behar da, "kanpo presiorik gabe". Izan ere, beste modu batean eginda, eskaera "desnaturalizatua" egongo litzateke, eta "indar suspertzailea galdu egingo luke".
Halaber, Txelisek gaineratu du barkamena eskatzen duenak ez duela espero biktimak onartzea, "jakin baitaki" eragindako mina "larria" dela, eta biktimentzat edo haien senideentzat "oso zaila" dela barkatzea.
Horrenbestez, Alvarez Santacristinak nabarmendu du biktimak edo senideak ez daudela barkatzera "behartuta".
"Biktimarioak barkamena eskatzen duenean, norbaitek entzutea nahi du. Ez du inolako aterik indarrez ireki nahi, mezua helaraztea baizik, norbaitek entzun dezan", esan du.
Jose Luis Alvarez Santacristina ETAko buruzagi politikoa izan zen, eta espetxean erlijioso egin da. ETAk 1998an egotzi zuen, eta egun 'Langraiz bidea' jarraitzen ari da.