Politika -

Gutxieneko soldata

Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalak Jaurlaritzari eskatu dio gutxieneko soldataren igoera bultzatzeko

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP-IUk lortutako akordioan ez da zehazten gutxieneko soldata hori zenbatekoa izan behar den, baina EAEko errealitate sozioekonomikoan oinarrituta egon behar dela diote.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. EFE
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. EFE
Legebiltzarrak babestu egin du EAEko gutxieneko soldata espainiar Estatukoa baino handiagoa izatea negoziatzea

2:26

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalak (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta EP-IU) Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Espainiako Estatuan indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa izango dena bultzatzeko. Duela gutxi, Espainiako Gobernuak 1.080 eurora igo du gutxieneko soldata.

Gaurko osoko bilkuran, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa bat onartu dute, eta adierazi dute "komeni" dela Confebask patronalak eta sindikatuek gutxieneko soldata bat adostea, Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate sozioekonomikoan oinarrituta.

EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Bertan, koalizio abertzaleak esan du gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiako Estatuan baino 320 euro handiagoa. Dena dela, azkenean EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostu duten zuzenketan ez da zenbateko hori zehazten.

Arkaitz Rodriguez ekimenaren bultzatzaile izan den EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren garrantzia azpimarratu du: "Lehen aldia da Legebiltzarrak horren modu argian, horren modu zabalean, esaten duena behar dugula gutxieneko soldata bat hemengo errealitate sozioekonomikoari egokituko zaiona". Era berean, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaiola jarrera aktiboa izatea, eta patronalari, mahaian esertzea eta negoziatzea.

Jon Aiartzak (EAJ) onartu du akordioa, positiboa ez ezik, garrantzitsua ere badela, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritza aspalditik ari dela soldatak hobetzeko helburuarekin lanbidearteko akordioak defendatzen.

Ekain Ricok (PSE-EE) Pedro Sanchezen Gobernuak onartutako 1.080rainoko igoera goraipatu du, eta Eusko Legebiltzarrak patronalari eta sindikatuei soldatak hobetzeko dei "argia eta irmoa" egin izana azpimarratu du.

Jon Hernandez (Elkarrekin Podemos-IU) ere oso pozik agertu da akordioarekin, eta esan du Confebask patronala dela EAEko errealitatera egokitutako soldatak izateko "oztopo nagusia".

Laura Garrido PP+Cs taldeko legebiltzarkidearen esanetan, akordioa propaganda hutsa da: enpresaburuak kriminalizatzen dituelako, batetik, eta gutxieneko soldata ezartzea Espainiako Gobernuaren eskumena delako, bestetik.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak ez du eztabaidan parte hartu, baina aurkako botoa eman du.

ELA: Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldatari buruz adostutako adierazpena "hutsala eta propagandistikoa da"

Hedabideetara bidalitako ohar batean ELAk adierazi duenez, lau alderdi horiek lorturiko akordioa "erabat propagandistikoa" da. Horren esanetan, adierazpenak ez du koherentziarik egunerokoan "uko egiten diotelako patronalari aurre egiteari". Legezko obligaziorik ez duen adierazpenaren helburu bakarra "beren burua zuritzea" dela azaldu du.

LABek Confebaski eskatu dio sindikatuekin akordioa lortu eta gutxieneko soldata 1.400 euroan finkatzeko

LABek, bere aldetik, Confebask patronalari eskatu dio sindikatuekin akordioa lortu eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 euroan ezartzeko. Sindikatuaren hitzetan, gutxieneko soldata ez igotzeko oztopo nagusia patronala da, eta iragarri du laster bilera bat eskatuko diela Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailari eta Confebaski gai horri buruz hitz egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra EAE Ekonomia EH Bildu Euskal sozialistak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Gutxieneko soldata