Politika -
Kongresua
Bihar hasiko da Voxen zentsura mozioa, Sanchezen aurka
Eztabaida asteartean abiatu, eta biharamunean egingo dute bozketa. Aurrekoan bezala, ultraeskuinak Sanchezen aurka aurkeztutako mozioak ez du bide egingo, baina oraingoan kontrako boto gutxiago egongo dira, PPk abstentziora joko baitu.
Agentziak | EITB Media
Voxek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurka sustatutako zentsura mozioa bihar hasi eta asteazkenera arte luzatuko da, Meritxell Batet Kongresuko presidenteak joan den astean jakinarazi zuenez.
Ultraeskuinak Sanchezen aurka aurkezten duen bigarren mozioa da honakoa; oraingoan, baina, Ramon Tamames izango da presidentea ordezkatzeko hautagaia.
89 urteko ekonomialari eta politiko ohia —Trantsizio garaian Alderdi Komunistako buruzagia izan zen, eta ondoren, CDSko militantea— aukeratu izanak polemika sortu zuen, Voxek defendatzen ez dituen hainbat ideia baititu.
Aurreko mozioan bezala, honek ere kale egingo du. Hori bai, kontrako boto gutxiago izango ditu, Alderdi Popularra abstenituko baita.
Saioa astearteko 09:00etan hasiko da, eta bozketa asteazkenean egitea aurreikusten da. Gehiengo osoa eskatzen da bozketa publikoan, hori onartzeko.
Eztabaida diputatu sinatzaileetako baten hitzaldiarekin hasiko da, eta, ondoren, Gobernuko Presidentetzarako proposatutako hautagaiak parte hartu ahal izango du, bere programa politikoa azaltzeko. Gobernuko presidenteak eta ministroek ere hartu ahal izango dute hitza, denbora mugarik gabe.