Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Presoen alde gizatiarra erakutsiko dugu, diskurtso politikoetatik at'

Josu Martinez 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren koordinatzaileak ukatu egin du dokumentalean presoak goratzen direla eta pelikula amaitu gabe dagoela azpimarratu du.

Josu Martinez, 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren koordinatzailea. Argazkia: EITB
Josu Martinez, 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren koordinatzailea.
Josu Martinez, 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren koordinatzailea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Martinez 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren koordinatzaileak azaldu duenez, "presoen alde gizatiarra" erakutsi nahi dute filmean, "diskurtso politikoetatik at". Era berean, ukatu egin du presoak goratzen dituztela.

Polemika handia sortu da dokumentalaren inguruan Donostiako Udalak eman dion 9.000 euroko laguntza baliogabetzea eskatu baitio Barne ministroak, jarrera horrek Sorturen legalizazioaren epaiaren 15. puntua urratzen duela iritzita.

Dokumentalaren koordinatzaileak azpimarratu du “bost euskal presoren historia” kontatzen dutela grabazioan: “Jende horren alde gizatiarra kontatu nahi dugu, haren bizipenak azaldu, diskurtso politikoetatik kanpo”.

Gainera, agertzen diren preso guztiak ez direla ETAkoak argitu du, izan ere, "Segikoak daude eta Egin edo Egunkaria sumarioengatik preso sartutakoak ere bai". Horren harira, Martinezek esan du dokumentalak "dena ETA da" ideia desagerrarazten ere lagundu nahi duela.

Ez du polemika ulertzen

Dokumentalak sortu duen polemikaz galdetuta, Martinez "harrituta" agertu da, pelikula ez duelako inork ikusi "oraindik ez dugulako amaitu, besteak beste".

Gainera, dokumentala grabatzen ari zirenean PSE-EEko kideekin harremanak izan zituztela eta “agian PSE-EEko kideren bat dokumentalean” aterako dela jakinarazi du.

Era berean, Martinezek gogor kritikatu ditu dokumentalak bakeari ez diola mesederik egingo diotenak, zeren "nondik atera dute hori? Ez dute pelikula ikusi".

"Estatuak ezin du artiston askatasuna murriztu"

Zuzendariak azaldu duenez, "ez gara politikariak, bost zine zuzendari gara, ibilbide desberdinekoak, baina beti kulturari lotuak, eta ez dugu hortik atera nahi. Ez zaigu gustatzen gure lana erabiltzea beste batzuk jazartzeko".

Hori horrela, Estatuak ezin duela "artiston askatasuna murriztu" azpimarratu du.

Donostiako zinemaldia

Dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatzea da zuzendarien nahia, baina pelikula amaitu gabe dagoenez, "oraindik ez du hautaketa prozesua pasatu eta ez dakigu maila artistikoa emango ote duen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea