Politika -

Polemika dokumental batekin

Bildu legez kanpo utz dezaketela ohartarazi du Barne Ministerioak

Donostiako Udalak 9.000 euroko laguntza onartu zuen ETAko presoei buruzko dokumental bat egiteko.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa.
Bildu legez kanpo utz dezakete, presoen dokumental bati diru-laguntzak emateagatik

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak (Bildu) legez kanpo uzteko arrazoiak izan ditzakeela uste du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Konstituzionalaren azken epaiari erreparatuta, ETAko presoen inguruko dokumental bati diru-laguntzak emateagatik.

9.000 euroko laguntza baliogabetzea eskatu dio Barne ministroak Donostiako Udalari. Jarrera horrek Sorturen legalizazioaren epaiaren 15. puntua urratzen duela uste du eta era horretan, "erakundeetatik erakunde terrorista baten baloreak sustatu nahi dituen alderdi batek" legez kanpo uzteko arrazoiak dituela esan du.

"Epaia osotasunean bete behar da, eta Sorturentzako egindako oinarri juridiko horiek Bildurentzat ere ezartzeko eskaeran, ez gara kikilduko", gaineratu du.

"Barrutik begirako leihoak"

Donostiako Udal gobernuak ETAko bost presori buruzko dokumentala egiteko proiektua 9.000 euroz laguntzea onartu zuen.

Bost istorio laburrez osatutako dokumentala da "Barrutik begirako leihoak" filma eta horietako istorio batean Mikel Albisu Antza antiguatarra da protagonista.

Lekuz kanpo

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearentzat Barne ministroaren jarrera "gehiegizkoa" da, eta esandakoa "lekuz kanpo dago". Gainera, hasiera batean Udalak hartutako erabakia mantenduko dela esan du.

Albistea jakin berri duela esan ostean, erantzuna eman bitartean "zehazki zertaz hitz egiten ari garen" jakin behar duela zehaztu du, baina garrantzia handirik gabeko gai bat dela gaineratu du, "Kultura sailak eta Donostiako Udalak urteetan zehar eman dituen beste hainbat laguntza bezala".

EAk Gobernuari "barregarri ez geratzea" eskatu dio

EAk Gobernuari, "eta batik bat Euskadiko PPri", "barregarri geratzeari uztea" eskatu dio Bildu legez kanpo utz dezaketela esanda, eta euskal gizartea mehatxu horiek jasotzeaz "nazkatuta" dagoela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea