Politika -
Parlamento en las Ondas
Alderdiek "irtenbide osoa" eskatu dute arma zurien erabilerarentzat, ez arlo polizialera mugatzea
Begi onez jo dute Gasteizko Udalak arma zurien erabilerari buruz egingo duen ikerketa, baina PPk kontrol gehiago eta poliziaren presentzia handiagoa eskatu du.
EITB Media
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk arma zurien erabilerari aurre egiteko "irtenbide osoa" eskatu dute, ez soilik arlo polizialera mugatzea. Horren aurrean, PP+Cs-ek esan du EAJk "ardura politikoa" duela, eta Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin lankidetza indartu behar dela.
Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' mahai-inguruan elkartu dira euskal legebiltzarkideak, eta, besteak beste, gaueko aisialdiari lotuta arma zurien erabilera handitu dela eta horren kontrako zigorrak gogortuko direla izan dute hizpide.
Jose Antonio Suso EAJren legebiltzarkideak aitortu du "alarma sozial handia" sortzen duen kontu bat dela, eta egoerari "errotik" egin behar zaiola aurre.
Dena den, ohartarazi du adituak ez daudela ados arma zurien erabileraren gorakadaren atzean dagoen arrazoiaren inguruan. Horregatik, egoera aztertuko duen ikerketa bat egitearen alde agertu da.
EH Bildutik, Mikel Oterok aitortu du "agerikoa" dela arma zuriekin egindako erasoak ugaritu egin direla, eta bat egin du "kezka sozialarekin".
Begi onez jo du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ikerketa sozial bat egiteko hartu duen erabakia; Juan Maria Aburto Bilboko alkatearen bidearen aurkakoa baita, hark "Azkunaren doktrinari jarraitu" eta horren aurkako "gerra" iragarri duelako.
Bestalde, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkidea gaueko aisialdiaz gozatzera ateratzen direnak babesteko neurri eraginkorrak hartzea eskatu du.
Segurtasuna bermatzearen ardura lokalen jabeena dela adierazi du, eta haiekin hitz egitearen alde agertu da, "kriminalizatu" gabe, "irtenbidearen parte" izan behar diren heinean.
Elkarrekin Podemos-IUko David Sotok "lasaitasuna" eskatu du, "askotarikoa" delako gaia. "Alde batetik prebentzioa dago, eta bestetik, zigorra. Bigarrena aukeratu ohi da azkarragoa delako", azaldu du, "denbora gehiago eskatzen duten egiturazko elementuak" daudela gaineratu aurretik.
Azkenik, Carmelo Barrio PP+Cs-en bozeramaileak "delinkuentziari aurre egiteko" sistema hobetu behar dela esan du, eta "polizia eredua indartu, presentzia handiagoarekin eta kontrol gehiagorekin". "Baliabide gehiago bideratu behar dira, gaueko aisialdiari lotuta segurtasun eza zabaltzen ari delako", adierazi du. Horregatik, Ertzaintza Udaltzaingoarekin, Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin lankidetzan aritzea defendatu du.