Politika -

AUZITEGI KONSTITUZIONALA

Candido Conde-Pumpido Auzitegi Konstituzionaleko presidente izendatu dute

Magistratu progresistak hamaika botoetatik sei lortu ditu asteazken honetan Auzitegi Konstituzionalean egin den osoko bilkuran.

Candido Conde-Pumpido magistratua artxiboko argazki batean. EFE
Candido Conde-Pumpido magistratua artxiboko argazki batean.
Candido Conde-Pumpido magistratua artxiboko argazki batean. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak presidente berria izango du aurrerantzean: Candido Conde-Pumpido magistratu progresista, Espainiako fiskal nagusi izandakoa. Iturri juridikoek berri eman dutenez, gaur goizean Konstituzionalaren osoko bilkuran hartu dute erabakia: seik Conde-Pumpidoren alde bozkatu dute eta, bostek, ostera, Maria Luisa Balaguer aurrerakoiaren alde.

Conde-Pumpidok sektore progresistako beste bost magistraturen aldeko botoa jaso du, Maria Luisa Segovianorena barne. Azken horren botoak makurtu du balantza. Balaguerrek, berriz, lau magistratu kontserbadoreen babesa jaso du.

Halaber, Inmaculada Montablan magistratu aurrerakoia hautatu dute Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde (sei boto bosten aurka). Horrenbestez, bloke progresistak bi karguak bereganatu ditu, idatzi gabeko arau bat hautsiz. Horren arabera, presidentetza gehiengoa duen sektoreari dagokio eta presidenteordetza, gutxiengoan dagoenari.

Aurrerakoiak nagusi

Candido Conde-Pumpidok eta Inmaculada Montalbanek Pedro Gonzalez-Trevijano eta Juan Antonio Xiol ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren. Pedro Gonzalez-Trevijanok eta Juan Antonio Xiolek astelehenean utzi zituzten euren karguak, Antonio Narvaezekin eta Santiago Martinez-Varesekin batera.

Lau magistratu berri horietatik, bi Espainiako Gobernuak izendatu zituen (Juan Carlos Campo eta Laura Diez); beste biak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (Maria Luisa Segoviano eta Cesar Tolosa).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala