Politika -

justizia

BJKNk aho batez aukeratu ditu Konstituzionaleko bi magistratuak: Tolosa eta Segoviano

Epaileen gobernu organoaren alde kontserbadoreak proposatu zituen bi hautagaiak. Lau magistratuk agintaldia iraungitzen ikusi eta 198 egunera iritsi da akordioa, eta, orain arte ikusi ez den egoera baten ondoren, zatitutako Konstituzionalak premiaz bertan behera utzi zuen Parlamentuko tramitazioa.

Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Botere Judizialak Cesar Tolosa eta Maria Luisa Segoviano izendatu ditu Konstituzionaleko magistratu

1:20

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) kideek aho batez aukeratu dituzte astearte honetan, bigarren bozketan, Auzitegi Konstituzionalerako bi magistratuak: Cesar Tolosa Auzitegi Goreneko magistratua eta Maria Luisa Segoviano Auzitegi Goreneko magistratu erretiratua. Biak ala biak epaileen gobernu organoaren alde kontserbadoreak proposatutakoak dira.

Lau magistratuk agintaldia iraungitzen ikusi eta 198 egunera iritsi da akordioa, eta, orain arte ikusi ez den egoera baten ondoren, zatitutako Konstituzionalak premiaz bertan behera utzi zuen Parlamentuko tramitazioa, magistratuen hautaketa-sistema aldatzeko.

Orain arte, BJKNren indar orekak (8 bokal aurrerakoi eta 10 kontserbadore) ezinezko bihurtu zuen akordioa. Abenduaren 20ko bozketan, Tolosak eta Pablo Lucasek 10 boto lortu zituzten, eta Bandresek 7, Enrique Lucas abstenitu egin zelako.

Fumata zuria lortzeko 11 baiezko behar ziren. Orain arte, ezinezkoa izan da hori, bokalek blokean bozkatu zutelako eta inor ez zelako oreka aldatzeko alboratu. Indarrean dauden arauek hiru bosteneko gehiengoa ezartzen dute hautagaiak Konstituzionalera bidaltzeko, eta aukera ematen dute BJKN osatzen duten 18 bokaletako bakoitzak bi hautagai proposatu eta bozkatzeko.

BJKNko bost kide progresistek espresuki adierazi dute, Tolosari eta Segovianori babesa eman aurretik, uko egiten ziotela Jose Manuel Bandres hautagaia babesteari, "erantzukizun instituzionalagatik".

Cesar Tolosa 2014tik dago Auzitegi Gorenean, eta gaur egun Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako presidentea da.

2004an Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiko presidente hautatu zuten, eta kargu horretan jarraitu zuen Auzitegi Gorenerako izendatu zuten arte.

Maria Luisa Segovianok Auzitegi Goreneko Laugarren Salako presidente kargua utzi zuen urrian, erretiroa hartu ondoren. Goreneko Salako presidente izan zen lehen emakumea da.

Espainiako Gobernua pozik agertu da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren akordioarekin, eta erabaki horrekin "demokraziak irabazi eta PPren blokeoak galdu" duela uste du.

Bestalde, talde parlamentario sozialistak Kongresuan lege-proposamen bat aurkezteko planarekin aurrera jarraitzen du, Auzitegi Konstituzionaleko magistratuen hautaketa prozedura erreformatzeko. Talde sozialistako iturriek azaldu dutenez, egitasmo horrekin aurrera jarraitzen dute, proposatzen duten erreformak ez baitu zerikusirik "gai puntual batekin".

"PPk erakundeei eragiten dien etengabeko kaltearen aurrean konpondu beharreko kontua da, boterea ez duenean blokeatu egiten baititu", gaineratu dute iturri berberek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua albisteak Espainia Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala BJKNari buruzko albisteak