Politika -
Justizia
Erreforma judizialek aldeekin egindako aurretiko kontsultak gainditu behar dituzte, dio Europako Batzordeak
Europako Batzordea "arreta handiz" ari da jarraitzen espainiar Estatuko egoera, Konstituzionalak hartutako erabakiaren ostean. Konstituzionalak bertan behera utzi du Kongresuan onartutako erreforma baten tramitazioa, Senatuan bozkatu aurretik; erreformak Konstituzionala berrituko luke.
EITB MEDIA
Europako Batzordearen iritziz, kide diren Estatuetako sistema judizialetako erreformek aldeekin egindako aurretiko kontsultak gainditu behar dituzte, botere judizialarekin ere, eta, hortaz, espero du Estatu espainiarrak Europa mailako estandarrak betetzea. Hala adierazi du Christian Wigand Batzordeko Justizia bozeramaileak, prentsaurrekoan; izan ere, Europako Batzordea "arreta handiz" ari da jarraitzen espainiar Estatuko egoera, Auzitegi Konstituzionalak astelehenean hartutako erabakiaren ostean. Konstituzionalak bertan behera utzi du Kongresuan onartutako erreforma baten tramitazioa, Senatuan bozkatu aurretik; erreformak Konstituzionala berrituko luke, besteak beste.
Testuinguru horretan, Wigandek ez du erreformaren funtsaren gaineko iritzirik eman, kontuan izanik Bruselak ez duela irizpiderik egiten proposamen legegileen gainean, behin betiko lege gisa onartu arte; zehaztu du, baina, EBko zerbitzuek espero dutela "nazio agintariek eta nazio aktore guztiek arau eta prozedura nazionalen arabera jardutea".
EBko iturriek diotenez, Batzordearen iritziz, "kide diren Estatuetako sistema judizialetako erreformak egiten direnean, beti aldeztu dugu garrantzitsua dela tartean dauden aldeei aurretiko kontsultak egitea. Botere judiziala eta kontseilu judizialak ere daude horien artean".
Europa mailan, estandarra da, arlo judizialean erreforma esanguratsua gauzatzekotan, "aurretiko" kontsultak egotea; esaterako, hauek daude tartean: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, fiskalak eta epaileak edo Europako Kontseilua, azken hori Veneziako Batzordearen bidez.
Espainiar Estatuari dagokionez, gehitu dute iturriek, Auzitegi Konstituzionalak du ardura ebazteko erreformaren prozeduraren gaineko edozein zalantzaren edo kexaren gainean; nazio agintariek dute ardura, baina, ezarritako arauak betetzen direla ziurtatzeko.
Aurreko astean, EBk adierazi zuen urtero egiten duen txosten batean aztertuko dituela espainiar Estatuko erreformak; hain zuzen ere, zuzenbidezko Estatuaren gaineko ebaluazioa egiten du, urtero, Estatu kide guztietan. Azken finean, herrialde bakoitzeko osasun demokratikoa aztertu egiten du, eta udararen hasieran argitaratzen dute txosten hori.