Politika -

Botere Judiziala

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bloke kontserbadoreak Tolosa eta Lucas proposatu ditu

Asmoa da lortzea epaileen gobernu organoko bitarteko presidente Rafael Mozok abenduaren 22a baino lehen deitzea ezohiko Bilkura; aurreikuspena da egun horretan onartuko dutela PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatutako erreforma.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, urrian, saio batean. Argazkia: EFE.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, urrian, saio batean. Argazkia: EFE.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, urrian, saio batean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bloke kontserbadoreak Cesar Tolosa eta Pablo Lucas Auzitegi Goreneko magistratuak proposatu ditu Auzitegi Konstituzionalerako hautagai gisa. Proposamenaren asmoa da lortzea epaileen gobernu organoko bitarteko presidente Rafael Mozok abenduaren 22a baino lehen deitzea ezohiko Bilkura, kontuan izanik aurreikuspena dela egun horretan onartuko dutela PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatutako erreforma, eta horrek Jose Manuel Bandres alde progresistak izendatutako hautagaiari egingo liokeela mesede.

Mozori zuzendutako gutun baten bidez, alde kontserbadoreko batzordekideek euren hautagaiak jarri dituzte mahai gainean, asteazkenean bertan egindako bileraren ostean. Hautagaien curriculumak ere erantsi dituzte, eta azpimarratu dute ez dagoela "eman beharreko beste agiririk". Asteartean, Mozok ezezkoa eman zion kontserbadoreek eskatutako ezohiko Bilkurari.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bitarteko presidenteak honela argudiatu zuen ezezkoa: alde kontserbadoreko kideek ez zituzten gutxienez bi izen proposatu. Hori dela eta, orain, bederatzi batzordekideek hautagaiak izendatu dituzte.

Bloke horren asmoa da Espainiako Gobernuko bi alderdiek bultzatutako erreforma onartu aurretik izatea bozketa. Baliteke datorren astean onartzea erreforma hori, Kongresuan eta Senatuan, tramitazio espres izango baitu.

Hain zuzen ere, PSOEk eta Unidas Podemosek proposatzen dute egungo hiru bosten gehiengoa (hau da, 11 boto gutxienez) gehiengo soil bilakatzea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Auzitegi Konstituzionalerako bere bi hautagaiak izendatzeko. Halaber, proposatu egiten dute epaileen gobernu organoak Konstituzionalera bi hautagai bidaltzeko beharra ez badu betetzen, batzordekideei erantzukizuna eskatu ahal izatea, zigor erantzukizunak ere.

Gainera, zuzenketak aurreikusten du 18 batzordekideetako bakoitzak, bi hautagai proposatu eta bozkatu beharrean, bakarra proposatu eta bozkatzea. Horrek bermatuko du Kontseiluko bloke bakoitzeko bi bozkatuenak izan daitezela aukeratutako hautagaiak; hau da, bloke progresistaren kasuan, Bandres.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa BJKNari buruzko albisteak