Politika -
Botere judiziala
Espainiako Gobernuak Juan Carlos Campo Justizia ministro ohia aukeratu du Auzitegi Konstituzionalerako
Campo urtebete eta erdiz egon zen karguan, Kataluniako prozesuko buruzagiei indultuak eman zitzaizkien garaian. Camporekin batera, Laura Diez Moncloako aholkularia izandakoa ere izendatuko dute. Botere Judizialak bere bi magistratuak izendatu gabe dituela heldu da Espainiako Gobernuaren iragarpena.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak Juan Carlos Campo Justizia ministro ohia eta Laura Diez Presidentetza Ministerioko zuzendari nagusi izandakoa izendatuko ditu Auzitegi Konstituzionalean magistratu izateko, El País egunkariak aurreratu eta exekutiboko zein arlo juridikoko iturriek baieztatu dutenez. Izendapenak gaur bertan onartu ditu Sanchezen gobernuak, ministroen kontseiluan.
12 magistratuk osatzen dute Auzitegi Konstituzionala. Horietako lauri agintea bukatu zitzaien ekainean, eta Espainiako Gobernuari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (BJKN) dagokie, bina izendatuta, horiek ordezkatzea. Orain arte, Sanchezen gobernuak bere bi magistratuak ez aukeratzearen alde egin du, epaileen organoak bereak proposatu zain.
Azkenean, baina, aurrera egitea ebatzi du Moncloak, BJKNren blokeoa tarteko. Azken hitza Konstituzionalaren osoko bilkurak du (gehiengo kontserbadorea du, 11tik 6 baitira ildo horretakoak).
Juan Carlos Campo 2020ko urtarriletik 2021eko irailera bitarte izan zen Justizia ministro. Sanchezek duela urtebete pasatxo egindako birmoldaketan utzi zuen kargua, eta Pilar Llopek hartu zion lekukoa. Garai liskartsuan egokitu zitzaion Campori ministro izatea: besteak beste, Kataluniako prozesuan zigortutako buruzagi independentistei indultuak onartu zituzten, eta kale egin zuten Botere Judiziala berritzeko PPren eta exekutiboaren arteko negoziazioek (oraindik ere konpondu ez den afera da azken hori).