Politika -

'Bai bakarrik da bai' legea

"Epaia berrikusteko EAEn izandako lehenengo eskaeraren aurka azaldu da Fiskaltza"

Carmen Adan Euskadiko fiskal nagusiak aitortu duenez, hainbat kondenatuk euren zigor-kartzelaren berrikuspena eskatu dute dagoeneko EAEn, eta Fiskaltza "banan-banan" aztertzen ari da. Dena dela, azken hitza epaileek izango dute.

M8ko manifestazioaren irudia, Donostian. Argazkia: EFE
M8ko manifestazioaren irudia, Donostian. Argazkia: EFE
M8ko manifestazioaren irudia, Donostian. Argazkia: EFE

T.S.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Adan Euskadiko fiskal nagusiak Radio Euskadiri eskainitako adierazpenetan aitortu duenez, sexu-eraso nahiz abusuengatik espetxeratutako hainbat kondenatuk euren zigor-kartzelaren berrikuspena eskatu dute dagoeneko EAEn. Ondorioz, EAEko Fiskaltza eskaera bakoitza "banan-banan" aztertzen ari da, bere txostena emateko, baina azken hitza epaileek izango dute.  

Adanek azaldu duenez, zigor-espetxea berrikusteko EAEn izandako lehenengo eskaera Gipuzkoako kondenatu batena izan da, eta kasu horretan, EAEko Fiskaltza zigorra murriztearen aurka azaldu da. Epailearen esku dago orain azken erabakia.

'Bai bakarrik da bai' legearen ondorioz, sexu-abusuaren delitua desagertu egin da, sexu-erasoaren delitua bihurtzeko. Horren ondorioz, zigorrak murriztu egin dira, eta kondena irmoak berrikusi behar izan dira, baina errekurritutako epaietan ere eragina izango du. Bide hori Auzitegi Gorenean amaitzen da, baina lege berria aplikatzeko orduan maniobra-tarte mugatua izango du, kasu jakin batera mugatu beharko baita.

Carmen Adan Euskadiko fiskal nagusiak zehaztu duenez, EAEko epaitegiak aztertzen ari diren eskaera kopurua txikia da, baina "banan-banan, zuhurtziaz eta arreta handiz ikusiko dira, defentsek arrazoitutakoari adi egonda". "Auzi bakoitza banaka aztertzea funtsezkoa da, epaia zertan oinarritu zen ikustea, ebazteko zigorra berrikuskatzea egokitzen zaion ala ez", eta Fiskaltzak ere horrela jokatuko duela aurreratu du.

Bestalde, Adanek iragarri du behar besteko dokumentazioa jasotzen ari direla dagoeneko, "hala posible balitz", balizko irizpide batasuna ezarri ahal izateko.

Espainiar Estatuan: 12 zigor murriztu dira, eta 5 kondenatu, kalean

Estatu mailan, Espainiako epaitegiek gutxienez 12 zigor-murrizketa egin dituzte, 'Bai bakarrik da bai' legearen ondorioz, eta bost pertsona espetxetik atera. Diotenez, dozenaka epai berrikusi beharko dituzte, Zigor Kodearen erreforma "kondenatuarentzat mesedegarria" baita.

Zigor-murrizketak Madrilen izan dira (2), Balear Uhartean (2), Galizian (2), Andaluzian (1), Gaztela Leonen (1), Gaztela Mantxan (1) eta Murtzian (1). Horietatik bost aske geratu dira.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Politika Indarkeria matxista Espainiako Gobernua Epaiketak Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak