Politika -

HAUTESKUNDEAK

Garbiñe Ruiz eta David Rodriguez Podemosen primarioetara aurkeztu dira Gasteizerako eta Arabako Diputaziorako

Bestalde, Elkarrekin Donostia koalizioak hiri horretako Udalean duen uneko bozeramailea, Aitzole Araneta, ez da aurkeztuko Podemos Euskadik Gipuzkoako hiriburuko udal hautagaitza aukeratzeko egingo dituen primarioetara.

David Rodriguez eta Garbiñe Ruiz. Argazkia: EFE
David Rodriguez eta Garbiñe Ruiz
David Rodriguez eta Garbiñe Ruiz. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Ruizek eta David Rodriguezek Podemosen primarioetan parte hartuko dute 2023ko udal eta foru hauteskundeetan Gasteizko alkategai eta Arabako diputatugai izateko. Gaur egun, Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak dira, hurrenez hurren.

Biak ala biak "Bat egin Podemos" proiektuaren eskutik aurkeztu dira alderdi morearen barne hauteskundeetara. Gaurko aurkezpenean, proiektu "ireki eta integratzailea" dela adierazi dute, hiri eta lurralde eredu "bidezkoagoa eta aurrerakoiagoa" eskaini nahi dietela herritarrei, ongizate estatua bermatu eta "bizitza duinak" izatea ahalbidetuko duena.

Podemosen barne hauteskundeak urriaren 10etik azaroaren 3ra egingo dira, eta militanteek erabakiko dute zein izango diren alderdi morearen zerrendaburuak datozen hauteskundeetan. 

Bestalde, oraindik argitzeko dago Podemosek, IUk eta Equok euren arteko koalizioa errepikatuko duten ala ez.

Aitzole Araneta ez da Donostiako Alkatetzarako hautagaitza aukeratzeko primarioetara aurkeztuko

Bere aldetik, Elkarrekin Donostia koalizioak hiri horretako Udalean duen uneko bozeramailea, Aitzole Araneta, ez da aurkeztuko Podemos Euskadik Gipuzkoako hiriburuko udal hautagaitza aukeratzeko egingo dituen primarioetara. Urriaren 10ean irekiko dute prozesua.

Ohar batean, Podemos Euskadik Aitzole Aranetari eskaini dizkio Donostiako Udalean egindako legegintzaldian zehar erakutsitako "ahalegina, ardura eta konpromisoa", "tokiko errealitatetik hurbilago dagoen hiri eredu bat lortzeko, fokua donostiarren beharrengan ipintzen duena, bidezkoagoa, berdintasunezkoa, feminista eta ekologista".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Berriak Politika Araba Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak Udal eta foru hauteskundeak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Arabako Foru Aldundia