Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua transferentzien inguruan "hitz egiten ari dira", Mendiaren arabera
Bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, Sanchezek autogobernuarekiko duen konpromisoa "ezin da zalantzan jarri". Lehendakariak atzo egindako proposamenaren harira, Mendiak uste du eskumenak negoziatzeko "beste marko bat" izateko helburua duela.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ari dira transferentzien gaia lantzen: "Hitz egiten ari dira, lanean ari dira, noski". Horren ustez, Sanchezek autogobernuarekiko duen konpromisoa "ezin da zalantzan jarri", eta bi exekutiboen lankidetzarako borondatea da aintzat hartu behar dena.
Elkarrizketa egin diote Mendiari gaur Radio Euskadiren "Boulevard" saioan, Politika Orokorreko Eztabaidaren biharamunean. Horri buruz, esan du "asebeteta" dagoela taldeek herri itunak lortzeko adierazitako prestutasunarekin.
Hain justu, atzoko saioan lehendakariak egiteke dauden transferentzien harira egindako proposamena hartu du hizpide Mendiak. Urkulluk Batzorde Iraunkorra deitzea eskatu zuen. Lehendakariordearen aburuz, ekimenak negoziatzeko "beste marko bat" izatea du helburu, "gehiago egiteko aukera emango duen beste lan molde bat". Nabarmendu duenez, "balantze positiboa" egin behar da lortutakoaz —11 eskuduntza transferituta—, eta Espainiako Gobernuaren konpromiso irmoa defendatu du. "Sanchezek ordura arte egin gabekoa egin zuen, idatziz jaso eskumenen egutegi bat", azaldu du.
Gai ekonomikoak ahotan, soldaten kontura sindikatuek eta patronalak "hitzarmen sektorialak" adostu behar dituztela adierazi du, eta "posible ez bada, enpresaz enpresakoak". Izan ere, horren iritzian, "garrantzitsuena da beharginek erosahalmena ez galtzea. Euren langileengan, lan osasunean... inbertitzen ez duten enpresek ez dute etorkizunik edukiko. Enpresen balio handiena enpresen talentua da", aldarrikatu du.
Azkenik, Espainiako Gobernuak aberatsei ezarri nahi dien zerga balioan jarri du Mendiak, eta "harmonizazio fiskala" defendatu du. "PPk zuzendutako erkidego batzuen lasterketa zoro horrek dumping fiskala ekarri du Espainiara, eta hori oso zaila da ulertzen Europan", kritikatu du.