Politika -
Politika Orokorreko Eztabaida
"Herri itunak" lortzeko alderdien prestutasuna, Politika Orokorreko Eztabaidaren abiapuntu
Legebiltzarreko saioa 09:30ean hasiko da Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzartzearekin, eta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.
EITB Media
Eusko Legebiltzarrak gaur egingo duen Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan, Iñigo Urkullu lehendakariak "herri akordioak" lortzea proposatuko die berriro oposizioko alderdiei, euskal gizarteak dituen erronka nagusiei aurre egin ala izateko, joan den asteartean Jaurlaritzak aurreratutakoaren ildotik.
Legealdiaren erdia igaro den honetan, orain arte egindakoak, eta, batez ere, egungo erronkak izango ditu hizpide Urkulluk. Izan ere, gogorarazi duenez, "izaera globaleko hiru krisiren" —krisi ekonomikoa, osasun krisia eta Errusiaren inbasioak eragindakoa— eraginpean dago Euskadi. Horiei guztiei "lankidetzan oinarritutako gobernantza" batekin erantzun behar zaie, lehendakariaren hitzetan.
Horren ildoan, "berariaz aitortu eta eskertuko" die Legebiltzarreko taldeek, oro har, izan duten jarrera, baita Euskadiko erakunde guztiena ere. "Desadostasunak egon dira, jakina. Baina, desadostasunak desadostasun, irekita mantendu ditugu elkarrizketaren eta lankidetzaren bideak. Akordioak lortu ditugu, eta akordio horiek fruituak eman dituzte. Hori da garrantzitsua", nabarmenduko du.
Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiak, nahiz EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta Alderdi Popularra itun handietarako prestutasunez joango dira Legebiltzarrera, talde bakoitzak bere ikuspuntutik aurkeztuko dituen arren ekarpen eta baldintzak.
Saioa osorik eta zuzenean ikusi ahal izango da Eitb.eus-en, streaming bidez. Oihane Mateos eitb.eus-eko albistegietako burua eta Iker Gonzalez kazetaria Legebiltzarrean izango dira saioa bertatik bertara jarraitzen. 09:30ean hasiko da lehendakariaren hitzartzearekin. Iñigo Urkulluk, gehienez ere, bi ordu izango ditu lehen hitzaldi horretarako.
Amaitzean, eten egingo da saioa eta 14:30ean ekingo zaio berriro, taldeen txandarekin. Txikienetik handienera, bozeramaile bakoitzak 30 minutu izango ditu bere ekarpenak eta jarrera aurkezteko.
Erronda hori amaitzean, lehendakariak hartuko du hitza, erantzunerako txandan.
Azkenik, talde bakoitzak 10 minutu izango ditu azken erantzunerako.